Banner en desktop Banner en moviles
Durangoko Udala
Durangoko Azoka
Euskal Denda
Contra el Cancer Bizkaia

“Durangaldean, Zornotza barne, kultur uzta izugarria dago”

fran-lasuenAzken hiru hamarkadetan Zornotzan bizi den Fran Lasuen musikariak, bere ibilbide oparoari errepasoa egiteko aukera eman digu, Cadizen ospatu den Max sarien galatik bueltan. Izukaitz taldearen sortzaile eta Oskorriren kide izan zen artistak, antzerkiarekin garatutako harreman estuari eusten dio azken urteetan.

-Eibarren jaio zinen eta bertan sortu zenuten Izukaitz, zure lehengo taldea.
-70. hamarkada zen eta sasoi hartan Filosofia eta Historia ikasketak egiten nenbilen. Gainera, Eibarko ikastolako guraso batzuek Etika klaseak ematea proposatu zidaten. Baietza eman nien eta uste dut asignatura hori irakatsi zuen lehenengoetako irakaslea izan nintzela.

-Beraz irakaskuntza eta musikagintza uztartzen zenituen.
-Hori da. Izukaitzen lehenengo diskoa 1978an argitaratu genuen eta Eibarretik Elgoibarrera joan nintzen klaseak ematera. Baina istripu baten ondorioz, irakaskuntza utzi eta Eibarko Udaleko Kultura sailean hasi nintzen lanean.

Izukaitzen bigarren diskoa 1980an argitaratu genuen eta hirugarren diskoa argitaratzeko geundela, 1981ean, taldea bertan behera utzi genuen. Lan horretan sartzekoak ziren kantu batzuk gordeta ditugu oraindik. Orduko kritikoek zioten Izukaitz ‘haize berria’ zela, eta uste dut lan interesgarria egin genuela.

-Taldea desegin eta segidan hasi zinen Oskorrirekin?
-Zorte handia izan nuen, zeren taldea utzi eta lasterrera deitu zidaten Oskorrikoek. Momentu hartan taldeko kiderik gazteena nintzen eta momentu ederrak bizi izan genituen. 23-24 urte nituen eta Europan zehar ibiltzea izugarria izan zen. Uniber­tsitatean ibilitakoa nintzen, baina niretzat, hori beste unibertsitate bat izan zen. Munduari begiratzeko beste modu bat eskaini zidan, izugarrizko jendea ezagutzeko aukera izan nuen… Pribilegioa izan zen.

-Izukaitzek eta Oskorrik bultzada aipagarria eman zioten euskal musika tradizionalari, ezta?
-Beti esaten dut gauza bera: niretzat ‘sustraidun musika’ esaten dena, laborategia da. Nondik datorren jakitea, zer-nolako estetikak erabili izan diren, nola kantatu izan den, zer kantatu izan den, zer jo izan den… gerora, biziki inportantea izan da zein norabide hartuko dudan jakiteko. Sasoi baten, esentzialistak edo puristak kontra genituen, eta orain ere, hor dabiltza kulturari kalte baino egiten ez diotenak. Zorionez, gero eta gutxiago dira.

-Zuk munduko hainbat lekutako musikariekin izan duzu harremana.
-‘Buru zabaleko’ pertsonatzat dut neure burua, eta uste dut eszenatokia topaleku handi bat dela, eta bertan diziplina eta ekimen oso ezberdinak uztartzen dira. Zortea izan dut jende oso interesgarria ezagutzeaz eta, ahal izan dudan neurrian, hori aprobetxatzen saiatu naiz. Portugalekin harreman handia dut eta hango zein beste hainbat lekutako musikarirekin lan egiteko aukera izan dut. Niretzat hori, bizitzaren motorra da.

-Zein da oraindik gauzatzeko duzun egitasmoa?
-Proiektu oso maitagarria izan nuen Afrikako musikari batzuekin, baina ezin izan zen gauzatu. Hasteko atarian gelditu zen, baina horrek ez du esan nahi gauzatuko ez denik. Arantza hori kentzea ez legoke gaizki.

Antzerkiaren pozoia

-Oskorrirekin hasi zinenean Zornotzara joan zinen bizi­tzera?
-Oskorrin ibili nintzen garaian Bilbo eta Algorta aldean bizi izan nintzen, eta taldea utzi baino pixka bat lehenago Zornotzara etorri nintzen bizitzera. 1992a zen eta hemen oso gustura sentitzen naiz. Ni, Txomin Barullo konpartsakoa izandakoa naiz, eta Zorno­tzako hainbat lagun nituen bertan. Gainera, esan beharra dago, Durangaldean eta Zornotzan, hala edo hola, saltsaren bat badagoela, eta badira gauzak egiteko aukerak. An­tzerki munduan, ez dago dudarik, Euskal Herrian dagoen foku interesgarrienetariko bat Durangaldean dago, Zornotza barne. Markeliñe, Anita Maravillas, Gorakada… eta musika arloan ere proposamen interesgarriak daude. Izugarrizko uzta dago.

-Musikari eusten diozu eta harreman estua duzu an­tzerkiarekin.
-Teatroarekin izan nuen lehenengo lotura musikaren bitartez izan zen. Baina benetako pozoia, Comicos de la Leguaren ondoren Karrakan zebilen Ramón Bareak eta Geroa taldeko Paco Obregonek sartu zidaten. Hortik aurrera, harreman luze bat mantentzen dut musikarekin eta antzerkiarekin, biak uztartuz, niretzat arte integralak direlako eszenatokian biltzen diren guztiak. 2008an Gorakada taldearekin hasi nin­tzen lanean eta ordutik hor nabil. Datorren hilabetean egitasmo berri bateri ekingo diot Anita Maravillas konpainiarekin.

-Beste proiekturen bat ere izango du eskuartean.
-Aurtengo urtean amaieran edo datorren urte hasieran beste proiektu bat aurkezteko asmoa dut. Azken sasoian Aintzinako Musikarekin nabil lanean; arrabita errekuperatu izan dut instrumentu bezala, eta Euskal Herriko kanta oso zaharren bilduma egiten ari naiz. Asmoa da aintzinako musika elektronikarekin biltzea. Udara begira, beste proiektu batekin nabil, Gorakadarekin eta Kike Díaz de Rada idazle eta aktore handiarekin: ‘La kermes del vermú’. Kaleko ikuskizuna da, musika eta teatroa uztartzen dituena.

-Cadizen egon zinen aurreko astean Max sarien galan, Gorakada antzerki konpainiaren ‘Zuhaitzak landa­tzen zituen gizona’ ikuskizuna finalista izan delako.
-Hiru edo lau aldiz finalistak izan gara Gorakadarekin baina ezin izan dugu saria eskuratu. Ematen zuen oraingoan lortuko genuela, eta nik ere konfiantza nuen. Azkenean ez da heldu, baina finalista izateak ere asko balio du. Izendapena gozokia zen, baina ez daukagu kexarik gure sorkuntzak merkatuan daude eta. Aspaldiko teatreroekin eta musikariekin egoteko eta ondo pasatzeko aukera izan dugu.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados