
Durangaldeko seikotea gailendu zen atzo Sopelako Ander Deuna Ikastolan jokatutako Bertsolari Gazteen BBK Sariketako azken finalaurrekoan. Goizeko 9:00etan hasita, Uribe Kostako taldearen aurka neurtu zituzten indarrak, Durangaldeak 403 puntu lortu zituen, Uribe Kostak, aldiz, 391.
Durangaldeko A taldea, 18 urtera artekoa, Irune Basagoiti ermuarrak, Bittor Altube abadiñarrak eta Ander Sarriugarte durangarrak osatu zuten. B taldea, 19 eta 24 urte artekoa, berriz, Peio Azkarate eta Gorka Pagonabarraga durangarrek eta Aitor Bizkarra abadiñarrak.
Uribe Kostako taldean, Oihan Diaz, Mikel Arrate, Peru Irastorza, Aritz Landeta, Kerman Diaz eta Paule Loizaga bertsolariek kantatu zuten. Atzoko saioko aurkezlea Xabier Irakulis zornotzarra izan zen eta bertsolarien lana epaitzen, Beñat Vidal, Jose Garaizabal elorriarra eta Miriam Juaristi zaldibartarra aritu ziren. Idazkari lanetan, ostera, Ione Narbaiza abadiñarrak jardun zuen.
Honenbestez, Durangaldeko taldeak finalean kantatzeko txartela lortu du. Hego Uriberen aurka lehiatuko dira datorren eguaztenean, apirilaren 3an, 18:00etatik aurrera Bilboko BBK Salan jokatuko den finalean.