San Blasak dira Abadiñoko jairik ospetsuenak, Euskal Herrian zehar gure herria ezagun bilakatu dutenak. Ekonomikoki eta azpiegitura aldetik ere, gainontzeko jaiek baino inbertsio eta antolakuntza gehiago eskatzen dute.
Abadiñoko EH Bildutik begi onez ikusten dugu aurten San Blas azoka ospatzea, baina aldi berean esan beharra dugu, gure ustez, antolakuntza aldetik gauzak ez direla behar bezala egin. Maila honetako jai bat antolatzeak, herritarren, eragileen eta inplikatutako sektoreen parte hartzea eta koordinazioa eskatzen ditu. Are gehiago bizi dugun “ez ohiko” egoera honetan.
Baina ez da horrelakorik egon, eta alkateak berak nahieran antolatu ditu aurtengo San Blasak. Herriko beste edozein jai antolatzerakoan, udal batzorde ugari egiten ditugun bitartean, Abadiñoko jairik famatuenean, ez da inolako batzorderik egin.
Bitartean, EH Bilduko kideak aurreko urteetako antolakuntzan aritu direnekin, hostalari eta komertzianteekin, txosnaguneko kideekin eta zenbait teknikarirekin egon gara harremanetan. Proposamen desberdinak egin dira eta alkateari berari helarazi dizkiogu, baina guztiek ezezkoa jaso dute.
Zenbait ondorio atera ditugu:
- Azokaz gain idi probak egongo dira. 6 saio izango dira gune itxi batean. Baina aldi berean, segurtasuna aitzaki bezala jarriz, ez da aukerarik ematen kale mailan inolako kultur jarduerarik antolatzeko.
- 5-6 taberna egongo dira soilik, eta Abadiñora datorren jende guztia toki itxietan kontzentratuko da. Txosnagunetik karpa bat jartzea proposatu zen, egunez bakarrik zabalik egongo zena, aforoarekin eta mahai eta aulkiekin. Tabernek ere, barrak kalera atera eta kanpoan zerbitzatuz, jendea toki itxietan egotea saiestuko litzateke. Baina segurtasunaren izenean proposamen guztiei ezetza esan eta tabernen gain jarri du ardura guztia.
- Orain arte, bezperatik, sarrerak eta trafikoa kontrolatzeko 100 langiletik gora zeuden arren, aurten 40 inguru egongo dira bakarrik, horretarako + guneen barruko kontrolerako.
- Azokan parte hartzeko ere, ez da oinarririk argitaratu eta berak erabaki du, postuetara, nor eta zertarako baimenarekin zetorren.
Antolatzeko moduarekin bat egiten ez dugun arren, otsailaren 3a San Blas eguna da, Abadiñarron eguna eta, ahal den heinean, egun bikain bat izan dezazuela opa dizuegu herritarrei.
Gora San Blas! Gora Abadiño!
EH Bildu Abadiño