Abadiñoko Udalak hainbat kultur ekitaldi antolatu ditu datozen egunetarako, aste buru honetarako iragarritako bertsolarien ekitaldiaz eta Andaluziako folklorearen erakustaldiaz gain, doinu klasikoen kontzertua egongo baita hurrengo zapatuan.
Prestatutako egitaraua gaur abiatuko da Durangaldeko Bertso Eskolak ‘Durangaldea uztabarritzen’ zirkuituaren barruan antolatutako bertso saioarekin. Errota Kultur Etxean, 19:00etan, hasiko den ekitaldian Txaber Altube, Miren Amuriza, Ander Sarriugarte, Ander Aldazabal eta Uxue Alberdi arituko dira eta gai jartzailea Jon Zialzeta izango da. Sarrera librea izango du eta gonbidapenak Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan jaso beharko dira.
Andaluziako folklorea nabarmenduko da igandean Zelaietako probalekuan, 18:00etan, De Norte a Sur taldeak eskainiko duen ‘Irribarreak oparitzen – Regalando sonrisas’ ikuskizunarekin. Ekitaldirako sarrera doakoa izango da, baina lekua mugatua denez, kasu honetan ere, gonbidapenak Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan hartu beharko dira.
Uztaileko kultur programazioa, Durangoko Orfeoiak, Izadi Ensemble ganbera orkestrak eta lau bakarlarik uztailaren 10ean San Trokaz elizan, 20:00etan, eskainiko duten ekitaldiarekin jarraituko du. Fernando Urain Oñederrak zuzenduko duen kontzertuan, Franz Joseph Haydnen (1732-1809) ‘Missa in Angustiis – Misa Nelson’ eskainiko da. Gonbidapenak dagoeneko jaso daitezke Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan.