Osasun-larrialdiak aldaketa ugari eragin ditu norbanakoen bizimoduan zein gizarte osoan eta dagoeneko ‘normaltasun berriak’ ekarriko dituen aldaketekin jabetzen hasi gara. Horrelako zerbait egitera egokituko da Durangaldeko Berbalagun ekimena ere, azken hilabeteotan burutu dituen online saioak datorren ikasturtean ere eskainiko baititu.
“Covid-19ak ezustean harrapatu gintuen” eta hasiera-hasieratik “esan genuen ‘birusak ez gintuela mututuko”, Berbalagun ekimenaren esku-aldeko dinamizatzailea den Irati Anakaberen esanetan. Horregatik, mintzapraktika egiten jarraitzeko aukera zegoela pentsatu zuten eta, teknologia berriekin baliatuta, saioak online erara egiten hasi ziren.
Berbalagunei, “hasieran kostatu zitzaien arren, gerora erraz konektatu izan dira”, Anakaberen arabera. Gainera, online bidezko mintzapraktika egitea “aukera ona izan daitekeela euskara praktikatu nahi duen askorentzat” frogatu dute.
150 partaide
Amaitzear dagoen ikasturtean 22 talde osatu dira Durangaldean eta guztira 150 euskaldun inguruk parte hartu du. Aisialdia euskaraz bizi ahal izateko aukera ere eskuragarri dute partaideek antolatzen diren eskaintza desberdinen bidez; izan ere, kultur ekitaldietan, mota askotako tailerretan edo lehiaketetan parte hartzeko aukera izaten dute.
Horietako ekintza batzuk bertan behera gelditu dira aurtengo ikasturte amaieran osasun-larrialdiagatik. “Aurten egitasmo berezi bi abiatu ditugu; alde batetik, mendilagun taldea sortu dugu eta bost irteera egin baditugu, beste lau bertan behera gelditu dira”, adierazi du Anakabek, eta gauza bera gertatu da irakurzale talde sortu berriarekin. Hala ere, bata zein bestea datorren ikasturtean berreskuratuko dituzte, osasun egoera bere onera datorrenean.
Beste ekimen batzuk online egiten jarraituko dira 2020-2021 ikasturtean, komunikazio sistema horrek “sekulako bultzada” jaso baitu, Anakaberen esanetan. Eta ez hori bakarrik, “geratzeko etorri dela» uste du Berbalaguneko dinamizatzaileak, eskualdean izan diren 150 berbalagunek hartu baitute parte sistema horretan egindako saioetan. “Konfinamenduaren hasieran jendeak ez zuen izan norekin hitz egin” eta online sistemak berba egiteko aukera eman die. Gainera, “gero eta lanpetuago bizi gara; jendeak oso agenda estuak ditu eta batzuetan zailtasunak izaten dituztenez ordu betez taberna batera joateko, online egiteak ordutegi-malgutasuna ematen die”.
“Kalean euskara gehiago entzutea”
Horregatik “iraileko izen-emate kanpainan ere online eskaintza sartuko dugu” eta bertan apuntatu nahi duenak https://labur.eus/eBXn6 estekaren bitartez egin dezake edo 639 400 786 telefono zenbakira deitu informazio gehiago eskatzeko. Izena ematen duenak ez du ikasturtea hasi arte itxaron beharko mintzapraktika saioekin hasteko, “gaur izena ematen duenak irailean ere jarraituko du mintzapraktika online egiten, ezbairik gabe”.
Berbalagun ekimenaren helburu nagusia “Durangaldea euskalduntzea eta, batez ere, kalean euskara gehiago entzutea” da Anakaberen arabera. Asmo horretan, “batzuk euskara praktikatu nahi dute eta beste batzuk praktikatu nahi duenari laguntzen diote”. Talde gehienak tabernaren baten elkartzen dira “lasai berba egiteko eta lotsa kentzeko espazio bat eskaintzen dielako” baina orain, online aukerarekin, etxetik ere mintzapraktika egin dezakete.