
Elorrioko Eleizalden dauden udako igerilekuak barikuan irekiko dira eta irailaren 17ra are egongo dira zabalik. Herritarrak eskatutako hainbat hobekuntza egin ditu Udalak instalazioetan, zuhaitzak landatu eta jesarlekuak zein etzaulkiak uzteko gunea atonduz, besteak beste.
Udalak eta instalazioak kudeatzen dituen BPXport enpresak martxan dute denboraldi berrirako bazkide kanpaina. Harpidetu nahi dutenek kiroldegiko harrera bulegora gerturatu daitezke edota, barikutik aurrera, igerilekuko harreran izena eman ahalko dute.
Familia osoarentzako abonuak 100 eta 70 euro bitarteko kostua izango dute, familia motaren zein kiroldegiko bazkidetzaren arabera. Banakako abonuak berriz, 65 eta 45 euro arteko kostua izango dute.
Eguneko sarrerak 6 euro balioko ditu 18 eta 65 urte bitartekoentzat; 4 euro ordainduko dituzte 3 eta 18 urte bitarteko ume eta gazteek; 2 euro balioko du 6 hilabete eta hiru urte bitartekoen sarrerak eta sei hilabete baino gutxiago dutenek ez dute sarrerarik ordainduko.
Hobekuntza gehiago
Eleizaldeko igerilekuetan Udalak hainbat hobekuntza egin baditu orain arte herritarrek eginiko iradokizunei esker, hobekuntzekin jarraitzeko asmoa du. Horretarako kontuan izan dituzte erabiltzaileek egindako 48 ekarpenak eta betetako 28 formularioak.
“Igerilekuak zabaldu zirenetik, urtez urte hainbat hobekuntza txiki egin behar izan ditugu instalazio hauek elorriarren beharrak bete ditzaten”, Dani Palacios Kirol arloko zinegotziaren esanetan. “Uste dugu hasiera batean aurkitu genituen akatsak hobetzen goazela gutxika-gutxika” eta Palaciosen esanetan “norabide horretan lanean jarraituko dugu”.