Eusko Jaurlaritzak 467.367 eurotan lizitatu ditu Atxondoko eskola handitzeko egingo diren lanak. Ekimen horren bidez, eskaratza handitu eta sukalde industriala ipiniko da, eta Haur Hezkuntzako gela berri bat eta Lehen Hezkuntzako bi gela jarriko dira.
Sukalde berriak garbiketarako gune bereizi bat eta prestatzeko beste bat izango ditu, eta azken horren barruan, gune hotzak eta beroak ere bereiziko dira. Sukaldearen ondoan hozkailu-kamera bat eta biltegi bat jarriko dira, eta gaur egungo aldagelen ordez beste bi egingo dira, bata sukaldeko langileentzat eta beste bat jantokiko langileentzat.
Sukaldea berrizteak ikastetxearen azalera handitzea eragingo du. Horretarako, gaur egungo aldagelen zati bat erabiliko da, baita garbiketa gelaren eta banatzailearen zatiak. Atezainaren gela eta garbiketarena ere desagertuko dira.
Haur Hezkuntzako gela
Bestalde, egungo sarrerako atariaren zati batean Haur Hezkuntzako gela berria eraikiko da, 25 umerentzako edukierarekin. Gune horretan, umeek dituzten beharrak beteko dituen bainugela ipiniko da.
Haur Hezkuntza gelako erabiltzaileek sortutako zarata dela eta, sabaian panel fonoxurgatzaileak jarriko dira, erreberberazioak saihesteko, eta zoruak bakterioen aurkako material plastikoz egingo dira.
Lanak lizitaziora ateratzea “albiste zoragarria da” Xabier Azkarate Atxondoko alkatearen esanetan. Izan ere, “hilabeteak generamatzan obra horiek lizitatzeko zain” eta egingo diren lanek “eskolen eraikin zaharra birgaitu eta eraberritu ahal izango da haurreskolarako eta ludotekarako”.
Erreforma lanak egitea nahi duten enpresek otsailaren 20ra arteko epea izango dute eskaintzak aurkezteko. Baldintza-agiri guztiak Euskadiko kontratazio publikoaren atarian argitaratuta daude.