
Durangoko San Antonio Ikastetxeko guraso elkarteak (IGE) jai solidarioa antolatu bariku arratsalderako. Ekimenaren helburua Autismoaren Espektroko Nahasteak (AEN) dituzten haurrentzat zentzumenen estimulazioa lantzeko materialak lortzea da.
San Antonio Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako jolastokian egingo diren ekitaldiak 16:45ean abiatuko dira hasierako abestiarekin. Ondoren, joku eta tailer desberdinetan parte hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Eguneko lehenengo kontzertua arratsaldeko 18:30ean hasiko da, Astoturfer taldearen emanaldiarekin hain zuzen. Ordu bete geroago bingoari emango diote hasiera.
Eguneko bigarren agerraldia 19:45ean hasiko da, ordu horretarako iragarrita baitago Eirbanden kontzertua. 21:00etan bingoaren beste saio berri bat egongo da eta horren amaierarekin bukatuko da jaia.