
Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketak 50. edizioa ospatuko du Atxondoko Axpe elizatean zapatuan eta urteurren horren inguruan hainbat ekitaldi prestatu ditu Gerediaga elkarteak asteburu osorako. Aurreko 49 edizioetako txapeldunak omentzeaz gain, ikerketa egiteko aprobetxatuko dute aurtengo lehiaketa, bertan parte hartzen duten ardien eta txakurren jokabidea aztertuz.
Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketa arratsaldeko 17.00etan hasiko da Axpeko Elizaburuko landetan. Partaideak Araba, Gipuzkoa, Iparralde eta Nafarroako txapeldunak eta txapeldunordeak izango dira. Bizkaiak berriz, hiru ordezkari izango ditu, 2015eko bikote txapelduna, Orozkoko Enrike Mendiguren eta Riki txakurrak osatutakoa, lurraldeko txapela ere lortu dutelako. Ondorioz, lehiaketan izango dira txapeldunordeak eta hirugarren sailkatuak, Etxebarriko Juan Egurrola eta Bat txakurra eta Abadiñoko Aitor Urien eta Arin txakurra, hurrenez hurren.
Txapelketarako sarrera 4 eurotan salduko da eta saioa amaitzerakoan gazta eta ardoa doan dastatzeko aukera izango da.
Txapelketan parte hartzen duten txakurren eta ardien mugimenduak grabatu egingo ditu Ramon Escobedo matematikari bizkaitarrak, ‘Animalien portaeraren normalizazio matematikoa’ ikerketan sakontzeko. Proiektua Tolosako (Frantzia) Paul Sabatier unibertsitateko Animalien Ezagutzarako Ikerketa Zentruak (CRCA) garatutako ekimena da.
Ikerketaren bidez ardiek nola erantzuten dioten barruko eta kanpoko estimuluei jakin nahi da. Matematikoki aztertzen den ereduari esker, artalde barruan informazio hori zelan transmititzen den ezagutzeaz gain, honek artaldearen jokabideri zelan eragiten dion jakitea du helburu.
Omenaldiak
Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketak 50. urteurrena betetzen duela eta, Gerediaga elkarteak aurreko edizioetako txapeldunak omendu nahi ditu oroigarri-oparia emanez.
Eskualdeko hainbat artzai eta txakurrek lortu dute Euskal Herriko txapeldunak izatea. Lehenengo bost edizioetako irabazleak Mañarikoak ziren; Serafin Etxanobe eta Riki (1967, 1968, 1970 eta 1971an) eta Jose Luis Jaio eta Jai (1969an).
Gainontzeko txapeldunak Abadiñokoak izan dira; 1999an José Urien eta Xarpa; 2002 eta 2003an Kepa Ardanza eta Txiki; 2006 eta 2007an Xabier Urien eta Txiki eta 2011n Jose Urien eta Bizkai.
Hiru eguneko egitaraua
50. Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketa hainbat ekitaldiz ostuko da, egitarau zabala prestatu baita Ardi Jaia 2016 ekimenaren barruan. Barikuan, V. Baserri Eguna ospatuko da Abadiñoko Traña-Matiena eta arratsaldeko 17.00etatik aurrera azoka eta bertoko produktuen erakusketa eta ume zein helduentzako ekotailerrak egongo dira. 19.00etan Txapel jaurtiketa lehiaketaren V. edizioa ospatuko da.
Zapatuko ekitaldi guztiak Atxondoko Axpe elizatean izango dira eta goizeko 11.00etan IX. Sorgiñen lasterketa hasiko da. Arratsaldean, Artzai Txakur Txapelketa hasi aurretik, Durangaldeko Idiazabal gazta Azoka, Arraza ezberdinetako ardi erakusketa eta umeentzako tailerrak egongo dira.
Transhumantzia izango da domekako protagonista eta goizeko 10.00etatik aurrera ongietorria egingo zaie Atxarten parte hartzaile guztiei. Ondoren Urkiolako Santutegirainoko ibilbidea beteko dute, Txakurzulon geldialdia eginda.