Giro ezin hobeagoaz amaitu dira asteburuan Elorrioko Ferixa Nausiko jaiak; eguraldi bikainarekin, umore ona eta jendetzarekin. Doctor Deseok bariku gauean emandako kontzertuak Herriko plaza bete bazuen, zapatuko koadrilen jaitsierak leporaino bete zuen erdigunea.
Bariku iluntzean hasi zen nabarmentzen jaien amaiera jendetsua izango zela. Ehunka lagun bildu zen plazako agertokiaren inguruan, Francis Díez buru duen Doctor Deseo taldearen agerraldiaz disfrutatzeko. Ekitaldia amaitu eta gero herritarren eta inguruetatik gerturatutako jaizaleen parranda goizaldeko ordu txikietaraino luzatu zen.
Beste batzuk etxerako bidea hartzea erabaki zuten, zapatuko Sukalki Eguna goizean goiz hasi eta egun osoz luzatzen delako. Lehiaketa horretan sukaldari lanak egin behar dituztenek, goizeko zortzietan edo lehenago hasi behar dute eguneko gisatua prestatzen.
Aurten 92 lehiakide izan dira txapelketan eta epai mahi zorrotzeko kideen arabera, Trebeak koadrilak aurkeztutako sukalkia izan zen onena. Zapatuko txapela euren apaletan jarriko duten hirugarrena da. Bigarren postua Banan-banan-ekoentzak izan zen eta hirugarrena Buzkantzekoentzat.
Bazkari ostean kolorez, umorez eta partaidetza jendetsua izan zuen koadrilen jaitsiera abiatu zen Aldatsekuatik. Erromatarrak, rockabillyak eta rockeroak, flamenkoak, Athletic zaleak, Joku Olinpikoetako kirolariak edo The Godfathr pelikula filmatzen zebilen aktore-ganster taldeek bete zuten Berrio-Otxoa kalea, Herriko plazan zegoen Oihan Vega Gazteako Dj-ren ongietorria jaso aurretik.
Kainabera
Elorriarrekin batera kanpoko jende ugari bildu zen plazan eta herriko jai guneetan, eguraldi bikainak kalean egoteko gonbitea egiten baitzuen.
Euskal kutsuko ekitaldiak nagusitu ziren jaien azken uneetan, tarteko herri-kirolen erakustaldia, bertsolarien saioa eta euskal dantzak ikuspuntu berritzaile eta umoretsutik lantzen dituen Tio Teronen Semeen saio erakargarriarekin.
Parrandak elkartasunari utzi zion tokia eguerdi aldean, Kainaberak antolatutako kulturarteko jaiarekin. Bertan hamar kulturatako jakiak dastatzeko aukera egon zen eta batutako diru guztia, 3.040 euro, Chiosen (Grezia) errefuxiatuei janaria prestatzen dien Zaporeak egitasmora bideratuko da.
[ess_grid alias=»Ferixa Nausikoak 2016-Sukalki Eguna»]