
Atxondo Udalak Apatamonasterioko udaletxe azpia, Euskal Herria kalearen hasiera eta frontoi aurrean dagoen Foruen plazan dauden desnibel desberdinak kendu eta inguru osoa maila berean jarriko du. Eskakizun hau Kale Irekiak ekimenaren baitan lehenetsi zuten herritarrek eta bigarren egitasmoa “Iru-bide inguruan dagoen bidegurutzea aldatzea aukeratu zuten”, David Cobos Atxondoko alkateak adierazi zuenez.
Apatamonasterioko plaza inguruko jarduerarekin behin betiko konponduko dira inguru horretako irisgarritasun arazoak. “Urtea amaitu orduko udaletxean igogailua jartzeko lanak amaituta egongo dira eta ondoren obra horri ekingo diogu”.
Gaur egun frontoi aurrean dagoen Foruen plaza, Euskal Herria kaleko errepidea eta udaletxe azpian dagoen gunea altuera desberdinetan daude eta alde batetik bestera joateko hainbat maila igo edo jaitsi behar dira. Egoera horrek irisgarritasun arazoak sortzen dizkie udaletxera, Liburutegira, Correos-en bulegora edo inguru horretan oinez doazen herritarrei.
Plaza inguru guztia maila berdinean jartzeak 20.000 euro inguruko inbertsioa izango du. Gune horretako arazo nagusia trafikoa dela kontuan hartuta, eta bertan dabilen kotxeen %70a aparkalekua bilatzeko orduetan ematen denez, Udalak hainbat aldaketea egitea erabaki du.
Berrikuntza nabarmenena Euskal Herria kaleari dagokio. Taberna Txikitik bidegurutzeraino doan errepide zatia itxita egongo da autoentzat arratsaldetan eta asteburuetan. Bidea itxita dagoenean bertako aparkalekuetara joan nahi duten gidariek Penalty taberna aurretik izango dute sarrera zein irteera.
Kale Irekiak ekimenean parte hartu duten herritarrek datozen urteetako baliagarria izango den bide-orria ere landu zuten. Guztira 150 proposamen inguru batzen dira bertan, ez bakarrik epe labur edo ertainean gauzatuko direnak baita etorkizunean egingo direnak ere.
“Noizbait obraren bat egin behar bada azpiegitura bat hobetzeko, kontuan hartuko ditugu egindako ekarpenak eta gauzatzen ahaleginduko gara”, Cobosek adierazi zuenez.
Iru-bideko bidegurutzea
Kale Irekiak ekimenaren baitan lehenetsiko den bigarren egitasmoa Iru-bideko bidegurutzean izango du eragina. Autobidea zabaldu zenetik “trafikoa gutxitu egin da inguru horretan eta aurreikusten zen biribilgunea ez da beharrezkoa”, Cobosen esanetan.
Biribilgunea egin ordez, bidea erreka aldera metro batzuk mugitzea aurreikusten dute eta obra horrek 90.000 euroko kostua izango luke, biribilgunearen erdia inguru.
Ekimen horrek auto gidarien ikuspena eta segurtasuna gehitzeaz gain, bestelako onurak eragingo ditu. Moldaketarekin auto guztien sarrera eta irteerak Itziar eta Iru-bide artetik egingo dira eta gaur egun Durangotik datozen gidariek Atxondora sartzeko hartzen duten sarrera kendu egingo da. Irabazitako espazio horretan “aparkalekuak edo bestelako hobekuntzak egingo lirateke auzoan”.
Kale Irekiak ekimena Urak Bide taldeko Saioa Zuazubiskar eta Kimetz Munitxak garatu dute. Egitasmoa otsailean abiatu zuten eta harrezkero hainbat lansaio egin dituzte ikasle, herritar eta herriko taldeetako kideekin. Bataz beste 100 herritarretik gora parte hartu du antolatutako saioetan eta egindako galdeketan 80 lagunetik gora eman zuten botoa.