Bizkargi Eguna ospatuko da bihar Zornotza, Larrabetzu eta Morga batzen dituen mendi tontorrean. Santikurtz errepetizio eta oroimen eguna ospatzeko, bertsolariak, kantaldia, dantzak, animazioa eta Xabier Amurizari eskainitako esker onaz gain, fronte horretan hil zituzten Amaiur Batailoiko gudariak omenduko dituzte.
Aurten 85 urte betetzen dira eusko gudariak faxisten kontra Bizkargi mendian borrokatu zutenetik eta horregatik bertan hil zituzten Amaiur Batailoiko gudariak omenduko dituzte Bizkargi Gogoratuz elkarteak antolatutako ekitaldian.
Gabiriako bizilagunak
Hildakoak, Luis eta Simon Altzueta Ariztimuño, Joxe Apaolaza Oiarbide, Jose Mari Gabiria Alustiza, Ramon lgartzabal Otegi eta Jexux lzagirre Arsuaga izan ziren, Gabiriako bizilagunak guztiak eta 21 eta 27 urte bitartean zituzten.
Euskal Herriaren defentsan faxisten aurka borrokan erail zituztenen oroimen ekitaldia 12:30ean hasiko da. Adarra, txalaparta eta albokaren doinuekin, Larrabetzuko Bizkargi Dantza Taldearen saioarekin eta Etxanoko Nagusiaren ongietorria eta txuzoa sartzearen inguruan Iñigo Santxo eta Gaizka Aranguren izango dira memoriaren hizlari.
Eguneko egitaraua 11:00etan abiatuko da trikitilariak eta Ein Go taldearen saioekin eta ekitaldiaren ostean Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta Txiplas bertsolarien saioa hasiko da. Ein Go taldeak girotutako erromeria eta Xabier Amurizari eskainitako aitormen ekitaldiak emango diote jarraipena. Eneko Larruzeak eskainitako kantaldiak emango dio amaiera egitarauari.