Aitor Ajuria otxandiarra eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarra, txapeldun eta txapeldunorde tituluak lortu dituzte, Anbotoko Kilometro Bertikalaren XIII. edizioan jokatutako Euskal Mendizale Federazioko txapelketan. Markel Urigoita otxandiarrak hirugarren postua eskuratu zuen.
Ajuria mendi-lasterkari otxandiarra hirugarrena izan zen Anboto gainean, 41minutu eta 31 segundoko denborarekin, baina Euskadi Bertikaleko titulua eskuratzea lortu zuen. Lasterketaren denborarik onena Loic Robertek egin zuen, 40:36 denborarekin, eta bigarrena Mikel Beunza nafarra izan zen 41:13rekin. Seigarren denbora onena Markel Urigoita otxandiarrak egin zuen, 43:20, eta EMFko txapelketaren hirugarren postua bereganatu zuen.
Emakume onena Naiara Irigoyen burlatarra izan zen, 47:31 denborarekin; bigarrena Oihana Azkorbebeitia sailkatu zen 48:58ko denborarekin eta hirugarren Maite Zabaleta izan zen 53:29rekin. Abadiñarrak, maila Absolutuaren bigarren postua eta Beteranoen titulua lortu zituen.
Lasterketan lehiatu ziren 250 kirolariek Atxondoko Arrazola elizateko Elizondotik abiatu ziren Anbotoko gailurrera iristeko (1.331 metro). Korrikalariek, 3.800 metroko igoera eta 1.092 metroko desnibel positiboa gainditu behar izan zuten.