
Aitor Bizkarra bertsolari abadiñarrak bigarren postua lortu zuen Amurrioko Bañueta kiroldegian zapatuan jokatutako finalaurrekoetako bigarren itzuliko lehenengo saioan. 651.50 puntu bildu eta postu ona lortu bazuen ere, beste bi finalaurrekoen ostean jakingo du Iruñeako finalean egongo den ala ez.
Bizkarrarekin batera Agin Laburu, Alaia Martin, Miren Artetxe, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita izan ziren oholtzan. Irabazlea Alaia Martin izan zen, 676.00 punturekin, eta ondoren Iguaran (632.50), Enbeita (632.50), Laburu (624.00) eta Artetxe (595.50) sailkatu ziren.
Finalera pasatzeko finalaurreko bi saioetan lortutako puntuak batzen dira, eta Bizkarrak 1329.00 puntu ditu, Durangon azaroaren 12an jokatutako saioan 677.50 puntu lortu baitzituen. Bere aurretik behin behineko sailkapenean dagoen Martinek berriz, 1405.50 puntu ditu.
Beraz, datorren zapatuan Baionan eta abenduaren 3an Bilbon jokatuko diren bi finalaurrekoen ostean jakingo da Iruñean kantatuko duten finalista guztiak. Bertsolari bakarrak batek du partaidetza ziurtatuta, egungo txapelduna den Maialen Lujanbiok.
.