
Abadiñoko EH Bilduk 2019ko Udal aurrekontuak onartzeko ezarritako lerro nagusiak eman ditu ezagutzera prentsa ohar baten bidez. Talde honek Ondasun Higiezin gaineko Zerga (IBI, gaztelaniaz) jaisteko konpromisoa beharrezkoa dela uste du eta “alkatearen eta AI eta PNVko beste bi liberatuentzako 100.000 euroko partida murriztea” eskatu du liberatuen soldatak zein kopurua jaitsiz, besteak beste.
EH Bilduko ordezkariek “aurrekontuek urte osoan herrian egingo den jardunarentzat ezinbesteko tresna” direla gogoratu dute. Horregatik, “herritarrak kontuan eduki behar direla” uste dute eta “udaletxetik baliabideak jartzen hasi behar garela pixkanaka herritarrak ere udal dinamikaren parte izan daitezen” aldarrikatzen dute.
Bestalde, 110.000 euroko kreditu globala, hau da, “alkatearen kontrolpean nahierara gastatzeko dagoen diru partida” murriztea proposatzen du oposizioan dagoen alderdiak.
Baserri auzoetara bideratutako diru partidak berriz, handitzea eta inbertsioak egitea eskatu dute. Bestalde, Muntsaratzeko biribilgunea, Matienako aparkalekuak edo Zelaietako oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko beharrezkoak diren inbertsioak lehenestea proposatzen dute.
Alderdi soberanistak egiten dituen bestelako eskaizunak, honakoak dira: ez funtsezko gastuen diru partidak murriztea; umeen neguko aisialdiarentzat alternatibak sortzen hastea eta urte osoko aisialdi programa bat egitea; 16 urtetik gorako gazteen aisialdi eskaintza elkarlanean sortzea; etxebizitza alokairurako laguntzak ezartzea edo herriko nagusiek egindako Abadiño lagunkoiako proiektuaren helburuak aurrera eramateko diru partida bat sartzea.