Abadiñoko Udalak euskararen normalizazioaren eta sustapenaren aldeko konpromisoari eusten dio eta euskara indartzeko antolatu duen eskola programan 120 umek hartuko dute parte. Gainera, maiatza arte indarrean egongo den egitasmoak, hizkuntz arrazoien ondoriozko bereizketa saihestu eta euskara inklusio-tresna bihurtu nahi du.
Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dauden ‘Errefortzu Saioak’ Zelaietako eta Matienako eskola publikoekin lankidetzan gauzatuko dira.
Egitasmoaren helburua “eskolako umeen euskara-maila hobetzen laguntzea da, eskola-orduetatik kanpo eta modu ludikoan”, Udal arduradunen esanetan. Gainera, “ikasleen arteko harremanak berdintasunez eta modu inklusiboan” sustatu nahi dira.
Programaren onuradun izan daitezkeen ikasleek, ikastetxeek eurek identifikatu eta bideratu dituzte. Horretarako, haien zailtasunak, euskara-maila eta familia-ingurunea kontuan hartu dituzte, besteak beste.
Errefortzu saioak astean hiru aldiz egiten dira; astelehen, astearte eta asteazkenetan, Pinu plazako lokalean eta Zelaietako Probalekuan. Bi leku horietan ordubeteko bi saio ematen dira, lehenengoa 17:00etatik 18:00etara eta bigarrena 18:00etatik 19:00etara.
Indartze-saioetarako izena eman duten 120 umeek taldeka banatu dira, bakoitzaren ikasturtearen arabera.