Hilean behin egingo den Kantulagun ekimenaren 2016-2017 ikasturte berria hasi zuten atzo Durangoko Plateruena Kafe Antzokian egindako aurkezpenarekin. Ekimen arrakastatsu hau euskal kantuak abestea gustuko dutenen topagunea da.
Atzo egindako lehen saioan berrogei lagun inguru bildu zen eta ekitaldian astean hil den Imanol Urbieta omendu zuten, sortzaile zarauztarrak asmatutako ‘Ran rober ran’ bezalako kantuak abestuz. Saioan ‘Habanera’ eta beste hainbat kantu abestu zituzten.
Aurreko urteetan lez Plateruenan egingo den ekimen honen hitzordua hileko azken eguenean izango da, arratsaldeko zortzietan hasita. Saio bakoitza, gutxi gora behera, ordu eta erdi ingurukoa izango da.
Aurten, berrikuntza gisa, ekitaldietan abestuko dituzten kantuak aukeratu ahal izango dituzte partaideek eta horretarako kultura@plateruena.net e-postara idatzi dezakete, baita informazio gehiago eskatzeko edo antolatzaileekin kontaktuan jartzeko.