Durangoko gazteen artean “irakurtzeko eta sortzeko grina pizteko” helburuarekin, ‘24 Ordu Paperean’ deituriko sorkuntza jolasa antolatu du astebururako Sorginola gaztetxeak. Lehiaketa zapatuan hasiko da, eguerdiko 12:00etan, eta hurrengo eguneko ordu berean amaituko da.
Ekimen honetan parte hartzen duten lehiakideek, sare sozialen bidez jakingo dute zapatu eguerdian lehiaketan parte hartzeko landu behar duten gaia zein testuan derrigorrez erabili behar duten hitza.
Une horretatik aurrera, lehiaketan parte hartzen dutenek 24 ordu izango dituzte lanak entregatzeko, idazlan guztiak sorginolakoateneoa@gmail.com helbidera bidali behar baitira domeka eguerdia orduko.
Jolas honek eragindako ekimena, ekainean ‘Berbaz’ izenarekin argitaratuko den sorkuntza aldizkariari erantzuten dio, “jolasean sortutako lan guztiak bertan argitaratuko baitira”, Sorginolako kideen esanetan. Ekimenaren eragileek denbora bat daramatzate aldizkaria prestatzen eta bertan, sorkuntza lanez gain, elkarrizketa, kritika, literatura, margolaritza eta beste hainbat atal izango dira.
Sorginolako kideek aldez aurretik Durangon izandako Mikeldi, Ibaizabal, Txistu ta danbolin, Txaman edo Potzutik bezalako aldizkariei jarraipena eman nahi diote. Izan ere, “Sorginolako Ateneoko kideok hariari tiratzen jarraitzeko gogoa genuen eta hala sortu zen proiektua”. Horregatik, ‘Berbaz’ aldizkaria paperean argitaratuko da, “ezinbesteko ikusten genuelako euskarri fisikoa izatea”.