
Elorrioko Udalak herritar talde batekin batera ‘Iragana ahaztu gabe, etorkizunera begira’ antolatutako ekimenak, 1937ko martxoaren 31n herriak jasandako bonbardaketa gogoratuko du.
Antolatutako ekitaldiak aurkezteko agerraldian, Elorriok “bonbardaketa txikia” pairatu zuela Durangok jasandakoarekin alderatuta, gogoratu zuen Jon Ander Ramos EHUko irakasleak. Erasoek, hala ere, “garrantzia izan zuten, Elorrio frentearen inguruan kokatutako zegoelako”.
Hegazkin italiarrek goizean eta arratsaldean egindako erasoaldien ondorioz zazpi pertsona hil ziren herrian. Beste elorrixar bi Durangoko bonbardaketan hil ziren eta hurrengo hilabeteetan Intxortako frontearen kontra botatako bonba bat Gazeta inguruan erori eta beste herritar bat hil zuen.
Erasoaldiei buruzko informazio gehiegirik ez dagoela aitortu bazuen Ramosek, garai horren inguruko “irudi artxibo handi bat” egin daitekeela adierazi zuen Luis Madina argazkilariak.
Martxoaren 31n izandako erasoaldiaren inguruko lanketa egiteko asmoarekin, elkarte bat sortu dute zenbait herritarrek. Taldeko kidea den Jesus Aristegik “oraindik lan ugari egiteko” dagoela adierazi ondoren, ekimenean parte hartu nahi duten herritarrak gonbidatu zituen.
Oroimenerako ekitaldia
Elorriok jasandako bonbardaketa nagusia gogoratuko dituen ekitaldi aipagarrienak erasoa izandako egun berean izango dira, martxoaren 31n hain zuzen. Goizean zehar, herriko ikastetxeetako ikasleek Elorrion oraindik ikusgarri dauden bonbardaketaren hondarrak ikusteko aukera izango dute. Ibilbidea bonbek suntsitutako La Paz ostatua zegoen inguruan hasi , Altzerreka- Mendiola jauregitik igaro eta eta Santa Ana komentuan amaituko da.
Arratsaldean ere gidatutako bisitaldiak izango dira eta herritarrei irekita egongo diren ibilaldietan ere Ramos irakaslea izango da hizlari.
Bonbardaketak gogoratuko dituen ‘Oroimenerako ekitaldia’ ere barikuan egingo da, arratsaldeko zortzietan hasita. Herriko plazan egingo den agerraldian bideo, argazki eta aspaldiko pelikulekin egindako ikus-entzunezkoa emateaz gain, bertsolarien ekitaldia, omenaldi poetiko-musikala eta Idoia Buruaga alkateak irakurriko duen adierazpenarekin osotuko da.