Antzerki sustatzaile izan zen Jose Martin Urrutia ‘Txotxe’k idatzi eta zuzendutako azken antzezlana taularatuko da barikuan Zornotza Aretoan. ‘Txotxe’ otsailaren 4an hil zen, baina “ikuskizunak aurrera egin behar du” esaldiari eutsi eta berak sortutako ‘Deshakespereazioa’ azken ikuskizuna eszenaratuko du Karrika konpainiak, iluntzeko 20:15ean hasita.
‘Txotxe’k idatzitako antzezlanak Shakespeareren testuak hartzen ditu abiapuntu. Lehen bertsioa ‘Hitzari gorazarre’ zikloaren baitan estreinatu zen Durangon eta ondoren 51. Liburu eta Disko Azokaren irekiera eta amaiera saioetan antzeztu zen.
Ikuskizuna erabat eraberritu ondoren, Durangoko San Agustin Kultur Gunean estreinatu zen irailean, konpainiako antzezleak eta Bartolome Ertzilla Musika Eskolako zenbait musikariren partaidetzarekin.
Familia diruduna
Teloiak gora egin eta berehala Londreseko XVI. mendeko azoka batean murgiltzen da antzezlana. Aguazila, artile saltzailea, lore saltzailea, perfume saltzailea, … eta harakina? Itxura baten, Shakespeare familia diruduna eta katolikoa zen. XVI. mendean ordea, Ingalaterran protestanteak nagusitu ziren, eta ondasun guztiak galdu zituzten.
Hari horri tira egin eta ‘Txotxe’ eta Karrikako kideek dramaturgo ingelesaren bizitzaren hutsuneak betetzen saiatu ziren. Izan ere, “Shakespeare harakin-idazle bihurtu dugu, eta azoka zoro hau izango du bere inspirazio iturririk handiena”, konpainiako kideen esanetan.