Sare sozialak gazteen bizitzan erabat txertatuta daude. Izan ere, gazteek ez dute mundua ulertzen Internetik eta sare sozialik gabe. Are gehiago, ia ezin dute harremanik izan baliabide hori gabe. Haurrak direnean telefono bat ematen zaie eta orduantxe hasten da ‘Second Life’ deitzen den bizitza birtuala.
Eurei mundu zabala irekitzen zaie sarearen bidez, guri gertatu zitzaigun bezala Internet hedatu zenean. Hau da, harremanak egiteaz gain, denetarik aurkitzen dute sarean: irudiak, bideoak, berriak, musika eta beste zenbait gauza. Halaber, jokuak, agenda, argazki eta bideo kamara aurki ditzakete telefonoan, jostailu denda erraldoia balitz bezala.
Internet oso asmakizun garrantzitsua da, baina arriskuak ere badauzka ume eta gazteentzat. Alde onen artean, harremanak egiteko aukera ematen die, ligatzeko, jendea ezagutzeko… Gainera, edozein gaiaren gainean informazio zabala lortzen dute, eta ikasteko baliabideak ere bai. Alde txarren artean, familiako bizitza zaildu egiten du eta edozein pertsona euren bizitzan sartzea eta eragin txarra egitea ere askoz errazagoa da. Gainera, gazteek ‘ziberbullying’ eta ‘zibererakosoak’ jasan ditzakete, edo telefonoaren menpe bizi daitezke. Mugikorren bidez ematen diren erasoetan neskak dira gehien jasaten dituztenak.
Nere buruari galdetzen diot gurasoek zergatik ematen duten amore hain azkar teknologia berrien erabileran. Hamaika, hamabi urteko ume batek ez du horrelakorik behar. Baliteke telefonoa beharrezkoa izatea kasu batzuetan. Baina egoera horretarako nahikoa litzateke telefono huts bat edukitzea eta ez jabetzan.
Gurasoa izatea ez da inoiz erraza izan baina bizi garen garaian konplikatuago dirudi. Guraso biek etxetik kanpo lan egin behar izateak fakturak ordaintzeko ez dio heziketari mesederik egiten. Bai amek eta bai aitek, baina batez ere amak direnak, deskantsatzeko beharra dute eta askotan, hala telebista, nola edozein pantailadun tresna erabiltzen dute umeak entretenitzeko, tamalez.
Hedabideak eta sare sozialak boteretsuen zerbitzura daude. Hedatzen dituzten mezuak ez dira neutralak. Heziketa familian lantzen da lehenengo urteetan, eta aurrerago gizartean eta eskolan, baina komunikabideek gugan duten eragina bizitza osora luzatzen da. Hortaz, gai honetan ume eta gazteekin balizko kaltea kontuan hartu beharko litzateke onuren gainetik.
Nire web orria ikusteko hemen klikatu
Espero dut hemendik aurrera euskeraz gehiago idaztea. Mila esker Marisa!
Beti bezain interesgarria zure zutabea Mertxe. Gainera, oraingoan euskaraz. Zorionak