Kataluniako Pol·len edicions-ek katalanez argitaratu nahi du Joseba Sarrionandiaren ‘Hilda dago poesía? /¿La poesía está muerta?’ poema antologia eta horretarako crowdfunding edo mikro-laguntzen kanpaina abiatu du. ‘És morta la poesia?’ izenburuarekin argitaratuko duten bilduma urrian kaleratu nahi dute.
‘Moroak gara behelaino artean?’ eta ‘Ni ez naiz hemengoa’ liburuak katalanera itzuli eta, hurrenez hurren, ‘Som com moros dins la boira?’ eta ‘Jo no sóc d’aquí’ izenburuekin argitaratu ondoren, idazle iurretarraren hirugarren liburua kaleratu nahi du Pol·len edicions argitaletxeak.
‘Hilda dago poesía? /¿La poesía está muerta?’ antologia helebiduna, Sarrionandiak berak aukeratu eta berrantolatutako bilduma da. Katalanez egingo den liburuak, Ainara Munt Ojangurenen itzulpena, Victor Sunyol poetaren edizioa eta Mai-t Carbonellen diseinuak izango ditu.
Argitaletxeak ezagutzera emandako egutegiaren arabera, urtarriletik ekainera itzulpena eta edizioa egingo dute; uztailetik irailera, diseinua, maketazioa eta inpresioa eta urrian liburua aurkeztuko dute.
Ekimena aurrera atera ahal izateko hasitako miko-laguntzen kanpaina www.verkami.com/projects/20472-es-morta-la-poesia atarian hasi dute eta behar dituzten 4.000 euroetatik 2.203 euro bildu dituzte dagoeneko. Ekimenari laguntza eman nahi diotenek 5 eta 100 euro arteko ekarpena egin dezakete.