Durangaldeko Mankomunitateak Berdintasun diagnostiko eguneratua eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Plana egingo ditu, gaur ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egindako adierazpen instituzionalean azaldu dutenez.
Erakundeak burutuko duen lehen Berdintasun egitasmoa, lehentasunezko helburuetako bat zen 2021-2024 Plan Estrategikoan. Ekimen horren helburua zeharkako politiken eta formulen bidez, tokiko eremutik berdintasuna sustatzeko neurriak abian jartzea bermatzea da.
Emakunderen laguntza izango duen egitasmoa, gainera, bat dator 2030 Agendaren helburuekin eta bihar-etzi jasangarrirako benetako berdintasuna premiazkoa izatearekin.
Tresna estrategikoa
Burutuko den Plana, “datozen urteetan emakumeen eta gizonen berdintasunerantz aurrera egiten jarraitzeko tresna estrategikoa” izango dela adierazi dute Mankomunitateko arduradunek. Baliabide horren bidez erakundearen kudeaketan genero-ikuspegia txertatzen lagunduko duelako, kide diren udalekin koordinatuta.
Horrela, “arlo horretan udalerri guztiek erantzun uniformea eta adostua ematen dutela ziurtatu gura da, berdintasunezko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarterantz aurrera egitea lortzeko”, azpimarratu dute
Ekimen horrek, udalen, Durangaldeko Mankomunitatean ordezkaritza duten talde politikoen, teknikarien eta emakumeen mugimenduen eta herritarren partaidetza zabala izango du.