Durangoko Energia Komunitatea
Durangoko Azoka
Herriaren Eskubideak-Independientes
Amorebieta-Etxanoko Udala

“Literaturak sortzen duen zirrara zein unibertsala den irudikatu nahi nuen”

Bizkaiko Foru Aldundiak urtero antolatzen duen Biz­kaidatz literatura lehiaketan, bi idazlek kontakizun banaren hasiera idatzi behar dute, batek euskaraz eta besteak gazteleraz, parte-hartzaileek jarraipena eta amaiera eman diezazkieten. Aurten, hamazazpigarren edizioan, Arantxa eta Ahmed dira ‘Aldiro liburu bat’ kontakizunaren protagonistak. Euren fikziozko ibilbidearen lehenengo urratsak baino ez ditu idatzi Oihane Amantegik.

Idazle zornotzarrak istorio irekia planteatu du, eta “liburuek nola elkartzen gaituzten” irudikatu, eta aldi berean, egunerokotasunean gertatzen diren “aparteko gertaerak” jarri nahi izan ditu erdigunean. Orain irakurle-idazleei dagokie Oihane Amantegiren ildoari tiraka, istorioari jarraipena ematea eta hura bukatzea. Irailaren 11ra arte izango dute lanak aurkezteko aukera.

-Nola jaso zenuen Bizkaidatz lehiaketan parte har­tzeko proposamena?
-Antolakuntzako kide bat jarri zen nirekin kontaktuan eta berak proposatu zidan ea aurtengo Bizkaidatz Sariari hasiera eman nahi nion. Baietz esan nuen.

-Zer motibazio izan zenuen kontakizun baten hasiera sortzeko gonbidapena onartzeko?
-Uste dut oso ariketa interesgarria dela idazle batentzat. Norberak abiaturiko istorio bati jarraipena nola ematen zaion ikusi ahal izateak motibatu ninduen; bi idazlek osotasun bati nola ematen dioten koherentzia.

-Zein da zure ustez idazle batek ekimen hauetan parte hartzeak duen garran­tzia?
-Idazlearentzat berarentzat dakarren erronka, esango nuke. Istorioa irekita utzi beharrak istorioa bera eraikitzeko moduari eragiten dio eta uste dut garrantzitsua dela idazlea ariketa anitzetan trebatzeko.

-Zertan oinarritu zinen kontakizunaren hasiera sortzeko?
-Egunerokotasunari erreparatu nahi nion, baina aldi berean egunerokotasun horretan gertatzen diren aparteko gertaerak jarri nahi nituen erdigunean, geure bizitzak zen­tzuz betetzen dituztenak.

-‘Aldiro liburu bat’ jarri zenion izenburu. Liburuek garrantzi handia dute Arantxa eta Ahmed bi protagonisten harremana josteko. Nola bururatu zitzaizun hori?
-Literaturak garrantzi handia du nire bizitzan, liburuz inguratua bizi naiz eta hala bizi nahi dut. Liburuek nola elkartzen gaituzten kontatu nahi nuen: elkarri proposa­tzen eta uzten dizkiogunean sortzen den komunikazio hori jarri nahi nuen erdigunean. Uste dut literaturarekin batera bizitza zatiak partekatzen ditugula, eta geuri buruz asko esaten dugula.

-Hasiera hori idazterakoan, istorioaren jarraipena irudikatu zenuen?
-Nik hasieratik idatzi nuen istorio ireki bat, irekia zen­tzu guztietan. Politena iruditu zitzaidan nik neuk jarraipenik ez irudikatzea, neuretzat ere zabala suerta zedin. Ez dut irudikatu ez jarraipenik, ez bukaerarik, istorioa utzi nuen puntuan bertantxe gelditu nahi nuen.

-Zein tonu, giro edo sentimendu transmititu nahi zenituen hasierako atalean?
-Literaturak sortzen duen zirrara zein unibertsala den irudikatu nahi nuen, alde batetik; bestetik, ordea, esperientzia zein intimoa suerta­tzen den eta pertsonen arteko lotura estuak nola josten dituen erakutsi nahi nuen. Giro intimo horretan aterrizatu nituen protagonistak.

“Literaturak garrantzi handia du nire bizitzan, liburuz inguratua bizi naiz eta hala bizi nahi dut”

-Nolakoa izan zen sormen prozesua? Azkar sortu zenuen kontakizunaren hasiera ala hainbat bertsio probatu zenituen?
-Azkarra suertatu zen sormen prozesua; baneuzkan ideia pare bat kontakizunari hasiera emateko, eta behin horietako bat aukeratuta, bertsio bakarrari eutsi nion, zuzenketa eta fintze-lana tarteko.

-Zerk ematen dizu istorio bat hasteko indarra edo ideia?
-Istorio bati ekiterakoan, nire kasuan egon ohi da ideia enbrionario bat nahiko instintiboa izaten dena, pultsu bati erantzuten diona. Kezka bat da; edo behar absolutu bat; edo min handi bat. Baina asko erantzuten dio norberak barruan daukan egia eztabaidaezin bati, nahiz eta ondo ez jakin nondik datorren. Bizkaidatz Lehiaketako lehen partea sortzerakoan, ordea, hasieratik egon behar nuen kontaktuan istorioa irakurriko zutenekin –kontaktuan gogoan esan nahi dut–, beraiek emango baitiote jarraipena narrazioari; zentzu horretan, desberdin eraikitzen da istorioa bera, oso presente daukazulako hartzailea hasieratik bertatik eta nahiz eta sorkuntza zeurea izan, besteena ere badelako ernamuinetik bertatik.

-Zer iritzi duzu Bizkaidatz bezalako ekimenek literatura sortzaile eta irakurleen artean sortzen duten loturaz?
-Niri ariketa ezin ederragoa begitantzen zait, lau eskutara jotzen diren pianoko partiturak lakoa. Kasu honetan irakurleak hartzaile eta sor­tzaile dira, irakurle eta idazle, eta horrek magia antzeko bat sortzen du bi erpinen artean.

-Interesgarria iruditzen zaizu zure testuari irakurleek jarraipena ematea? Zer nolako jakin-mina pizten dizu horrek?
-Ni desiatzen nago nire istorioak izango dituen jarraipenak irakurtzeko; nondik eta nora joko duten, zertan ardaztuko diren, zein elementu berri txertatuko dituzten… literaturaren misterioa handia da.

-Zein aholku emango zenioke literaturan lehen pausoak ematen ari den norbaiti?
-Nik sentitzen dut ni ere neure hasieretan nabilela oraindik, baina aholku bat eman beharko banu, bat eta bakarra emango nuke: gustuz irakur­tzea, eta asko. Horrek ekarriko du gustuz idaztea, eta inportantea da idaztearen plazera.

-Baduzu hurrengo proiekturik?
-Berria egunkarian kolabora­tzaile nabil egun, eta ikaragarria ari da izaten esperientzia. Aberasgarria. Ederra. Horretaz aparte, eta sorkuntza proiektu berriei dagokienez, lehen aipatu dudan etapa enbrionarioan nago orain; badago ideia-pultsu bat forma hartu nahian, eta horri bide ematen hasi nahi dut.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados