
Elorrioko Mendi-Bizikleta Martxak 17. edizioa ospatuko du datorren igandean, goizeko 10.00etan irtenda, eta aurten hainbat berrikuntza izango ditu. Elorrioko Txirrindulari Elkarteak antolatutako ekimenak ibilbidean egindako aldaketaz gain zortzi urtera arte jaitsi du parte hartzeko gutxiengo adina.
Iazko ediziora arte 16 urtetik gorako txirrindulariei mugatuta zegoen martxa hau, aseguru-etxeak hala behartuta. Aurten aseguruarekiko hitzarmena lotzea lortu dute eta ondorioz 8 eta 16 urte bitarteko zaletuek ere parte hartzeko aukera izango dute.
Gainera, gazteenen izena ematea doakoa izango da. Adin horretatik gorakoek 15 euro ordainduko dituzte eta txirrindularitzan federatutakoentzako inskripzioa berriz 5 eurokoa izango da.
Adin jaitsiera dela eta, 8 eta 12 urte bitartekoentzako bereziki prestatutako 6,5 kilometroko luzera izango duen laugarren ibilbide bat gehitu dute antolatzaileak. Ibilbideak herriko plazan izango du irteera eta helmuga eta partaideek Memaiarantz doan pistaren hasiera egingo dute. Aldatz gogorra hasten den inguruan eskumatara hartuko dute Arriartera joateko, trenbide zaharretik jarraituko dute eta M30etik igaro ondoren plazara helduko dira.
Ibilbide horrek 145 metrotako desnibel positiboa izango du eta indarrak dituztenak bigarren buelta bat emateko aukera izango dute.
13-16 urte bitartekoentzat prestatutako ibilbide laburrak 18,65 kilometrotako luzera izango du eta 838 metrotako desnibel positiboarekin. Memaia mendira doan pista egin eta Besaidera heldu ondoren Elorriorako bidea hartuko da. Aukera hau mendiko bizikletan ibilita dauden gazteentzat gomendatzen dute antolatzaileek.
Ibilbide ertainak 22,6 kilometroko luzera du eta 977 metrotako desnibel positiboa eta ibilbidea luzeak berriz 30 kilometro eta 1312 metrotako desnibel positiboa. Ibilbide biak herriko plazatik irtengo dira eta Memaiako pista hartu eta Besaide igaro ondoren Tellamendiko txabolaraino helduko dira.
Paraje horretatik Aramaiora joango dira ibilbide luzea egite dutenak eta hortik Zabalandira eta Teilamendiko pagaditik zehar berriz Besaidera. Bukatzeko, bidezidor berri batzuetatik Elorriora jaitsiko dira. Ibilbide ertaina egite dutenak ez dira jaitsiko Aramaiora eta Besaidetik Zabalandirantz joango dira.
Antolatzaileak hornidura puntua jarriko dute Besaide inguruan eta amaieran edariak eta jatekoak banatuko dira partaideen artean. Bukaeran hainbat materia zozkatuko da partaideen artean. Gainera bizikletak garbitzeko tokia eta dutxatzeko aukera ere egongo da.