Banner en desktop Banner en moviles
Azoka Idiomas
Haizetara
Mancomunidad Durangaldea
Soinua Durango
ZIGOR ITURRIETA

“Munduan gehien gustatzen zaidana jatea da”

Zigor Iturrieta.
Zigor Iturrieta eta Eki, bere semea.

Sukaldaritzako Champions Leaguea albo batera utzi zuen Zigor Iturrietak “bizirik nengoela” sentitu nahi zuelako. Azken urtebetean ETB 1eko Txoriene saioa aurkezten dabil eta gainera sukaldaritza ikastaroak ematen ditu Zornotzako Ametz erakundean. Bere beste pasioa den mendiko lasterketak egiteko denbora ere ateratzen du, baita proiektu berriak pentsatzeko ere. 

-Martin Berasategi, Michel Guerard, Juantxu… zergatik ez zenuen jarraitu sukaldari ospetsuen alboan?

-16 urterekin hasi nintzen sukaldean eta asteburuetan beharra egiteaz gain, astean zehar ere jatetxeak zabaldu egiten zuten. Nik hogei eta piku urte nituen eta ordu piloa egiten nuen lanean. Azkenengo hiru urteak Axpeko Etxebarrin egin nituen eta ‘erre’ egin nintzen. Pentsatu zelako disgustue hartuko zuen nire aitak, gastronomia kritikaria izanda. 1999an Martin Berasategin egondako lagun batek ia zergatik ez nintzen berak lan egiten zuen Auzo Lagunera joaten galdetu zidan. Aukera ederra zen; zortzi ordu, asteburuak jai, lan erreza… Gero, aitak onartu egin zidan aukeraketa ona egin nuela eren asteburuetan elkarrekin egoten ginen, ozpindutako umorea alde batera utzi nuen… Champions Leagen egotetik Erregionaleko 2. mailara pasatu nintzela eta 300.000 pezeta kobratzetik 100.000 pezetara pasatu nintzen. Baina bizirik sentitzen nintzen.

-Ez duzu inoiz pentsatu zeure jatetxe propioa zabaltzea?

-Izan genuen. Lehengo bikotearekin, eguneko menuen jatetxe bat genuen industria poligono baten. Asteburuetan taberna itxita genuen, baina eguneko lana ez zen  bertan amaitzen, jatetxeko kontuak eta ardurak etxera eramaten genituelako. Niri mendia ere asko gustatzen zait eta jatetxe propioa izanez gero ez nuen horretarako denborarik izango. Gainera, goi mailako sukaldaritza familia eta lagunentzako egiten dut.

-Nola sortu zitzaizun ETBko Txoriene saioa egiteko aukera?

-Zornotzako Jauregibarriako Beñat Ormaetxeak ETBk castinga egin behar zuela komentatu zidan. Eta bertara aurkeztu nintzen. Beñatek esan zidan proba zera zela, ordu erdi berbetan egotea patata tortilla egiten ari nintzen bitartean. Oso ondo prestatu nuen saioa baina tortilla erre egin zitzaidan. Sua indukziozkoa zen eta ni ez nengoen horretara ohituta.

Etxera noanean, sukaldeko atea ixten dut eta etxekoendako janaria prestatzeri ekiten diot

-Noiz pentsatzen dituzu prestatu behar dituzun platerak?

-Lehengo baten, Beñatekin entrenatzen nenbilela, orduantxe burura etorritako errezeta bat komentatu nion. Beti nabil buruari bueltak ematen, baita etxean ere. Nire andrea haserretu egiten da ez dakielako non jartzen ditudan etxeko katxarroak.

-Egunero prestatzen duzu etxeko janaria?

-Bai, egunero kozinatzen dut eta Txoriene grabatu eta gero, etxera noanean, sukaldeko atea ixten dut eta etxekoendako janaria prestatzeri ekiten diot. Kirolaria naizenez jendeak galdetzen dit ia egunero entrenatzen dudan. Nik erantzuten diet ezetz, entrenatzea asko gustatzen zaidala baina egunero egiten dudana kozinatzea dela. Hori da nire pasioa.

Koilaraz jatekoak

-Zein da zure plater edo jaki faboritoa?

-Batez ere koilarekin jaten direnak. Garbantzuak, lentejak, leka-patatak, porru-patatak… betikoak. Nire izekoak prestatzen zituen modura prestatutakoak. Ostalaritza Eskolatik irten  nintzenean uste nuen dena nekiela eta Jaungoikoa nintzela eta azkenean platerak lehengo erara prestatzera bueltatu naiz.  Etxean, astean zehar, koilaratik lau edo bost aldiz jaten dugu.

-Eta prestatzen duzuna jatea ere gustatzen zaizu?

-Jatea da munduan gehien gustatzen zaidana. Beti esaten dut egiten dudan kirola gero doblea jateko eta nire buruarekin txarto ez sentitzeko balio didala. Baina zaindu egin behar naiz eta kontuz ibili jaten dudanarekin. Garbi jaten ikasi dut, eta etxean hala egiten dugu; betikoa jaten dugu baina lapikokoa txorizo barik egiten dut. Saltsak eta frijiturik ez  ditut jaten eta beti plantxan edo labean egindako janariak.

Iturrieta-sukaldari-eta-kirolaria

-Goi mailako kirolaria izanik asko zaintzen duzu jaten duzuna?

-Karrera aurretik zaindu egin behar naiz eta, batez ere, arroz eta pasta jaten ditut, jakiekin kontu handia izan behar dudalako. Baina behin karrera amaituta, leku bakoitzeko gauzak probatzea gustatzen zait. Taska ilunenetan baina jende piloa doan lekuetara sartzea gustatzen zait.

-Duatloiak eta triatloiak egiten zenituen baina 2008tik ona mendiko lasterketetan zabiltza eta emaitza ederrak lortu dituzu. Zergatik aldaketa hori?

-2005ean edo hasi nintzen duatloiak eta horrelakoekin. 2007an Zegama-Aizkorri egiteko plaza tokatu zitzaidan eta horretarako prestatzen nenbilela Ernion egindako lasterketa baten hirugarren egin nuen. Ondo nenbilela konturatu nintzen eta 2008tik aurrera horrelakoekin jarraitzea erabaki nuen. Urte horretan hirugarrena izan nintzen Euskadiko Kopan eta hurrengo urtean Euskadiko Kopako txapelduna. 2010ean, Euskal Selekzioarekin, hirugarren sartu nintzen Mont Blanc-en egiten den distantzia luzeko lasterketa garrantzitsuenean. Gero, The North Face taldean sartu eta hortik aurrera mendiko lasterketen munduan ezaguna egiten hasi nintzen.

Santiagoko bidean zerbait diferentea egin nahi dut; tarte batzuk korrika eta besteak bizikletan

-Zein garaipen duzu gogokoen, agian 2011n irabazitako Transcanarias lasterketa?

-Urte horretan bost edo sei ‘ultra’ karrerak irabazi nituen. Transcanariasekoa irabazten nuen lehengo luzea izan zen. Nire estreinaldia zen The North Face-rekin eta gainera beraiek antolatzen zuten lasterketa zen. Urte horretan Goierriko Ehun milak-eko lasterketa laburra irabazi nuen; Dolomitetako Lavaredon bigarren egin nuen; Frantzian beste lasterketa bat irabazi…

-Talde horretan jarraitzen duzu?

-Ez, orain Helly Hansen-Compressport dira babesle nagusiak. Guztira bost babesle ditut.

-2014an Transpirenaica egin zenuen, Gironako Cap de Creusen hasi eta Higer lurmuturrean amaitzen den GR11a hain zuen. Zein izango da zure hurrengo abentura?

-Hori da inoiz egin dudan esperientziarik erakargarriena. Pirinioak alde batetik bestera zeharkatu, bakarrik, kanpoko laguntza barik… Hori egiteak karrera bat baino gehiago bete ninduen. Urteetako ametsa eta proiektua zen eta 11 egunetako zeharkaldiaren ondoren Hondarribian hartu nuen bainua zoragarria izan zen.

Orain Santiagoko bidean zerbait diferentea egiteko asmoa dut. Sasoi baten mezulariak binaka joaten ziren, bata zaldi gainean eta bestea korrika. Guk ere horrelako zerbait egiteko asmoa dugu, bata bizikletan eta beste korrika baina ibilbidea txandaka egingo genuke. Hau da, batek 10 edo 15 kilometro korrika egingo ditu eta bestea bizikletan joango da. Distantzia hori bete ondoren, kanbio; korrika joan denak bizikletan egingo du hurrengo tartea eta bizikletan joan denak korrika egitea tokatuk zaio. Baina aste bete behar dut eta ez dakit denbora nondik aterako dudan.

-Lana eta abentura uztartzen dituen bestelako proiektu bat ere baduzu, ezta?

-Bai ETB 2rako izango da eta kirola eta bidaia batuko ditu. %30a turismoa izango da, beste %30a lasterketa bat egitea, beste %30a tokiko gastronomia ezagutzea eta azken %10a tokiko kirolari bat aurkeztea. Saio pilotu bat grabatuko dugu Kanarietan eta dena ondo badoa San Franciscon, Txilen, Hong Kongen, Norvegian eta Mexikon grabatuko ditugu ondorengo saioak.

-Txorieneko aurkezlea, sukaldaritza ikastaroak ematen dituzu hiru seme-alaben aita zara… nondik ateratzen duzu entrenatzeko denbora?

-Ahal dudanean entrenatzen dut. Batzuetan goizeko bostetan edo seietan hasten naiz eta beste batzuetan entrenatzaileak egun bakoitzerako prestatutakoa egitea ezinezkoa da. Berak ulertzen dit eta badaki lana egiteaz gain gurasoa naizela.

-Zure kasuan zer da definizio egokiena “kirola egiten duen sukaldaria” edo “kozinatzen duen kirolaria”?

-Lagunei, bromatan, zera esaten diet: “nire lana korrika egitea da eta horren beste gustatzen zaidanez ez dudala kobratzen hori egiteagatik eta zorionez nire hobbya kozinatzea da eta horregatik ordaindu egiten didate”.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados