Durangoko Energia Komunitatea
Durangoko Udala
Amorebieta-Etxanoko Udala
Santos Arriandi

“Idazketa eta ilustrazioa uztartzean hirugarren hizkuntza bat sortzen da”

Amaia Egidazu idazlea, ipuin-kontalaria eta ilustratzaileak neskato bitxi baten ibilbidea kontatu du bere azken lanean. Protagonista bereziki trebea da gauzak galtzen, eta non eta nola galtzen dituen ez da sekula konturatzen. Amamari eraman beharrekoak apurka-apurka galduko ditu bidean, baina amamak benetan behar duen hori ez du galduko. Hitzak eta irudiak elkar elikatzen dira album ilustratu honetan, eta gainera, egileak arreta berezia eskaini dio istorioaren ahozkotasunari. Horrez gain, ‘Darta-zarta’ Euskal Herriko historiari buruzko karta-jolasaren sorkuntzan ere parte hartu du.

-‘Txirriki-txarraka’ argitaratu berri duzu.
-Duela urte batzuk nire lehenengo album ilustratua argitaratu nuen ‘Dorotea’ izenekoa, eta geroztik hainbat istorio izan ditut neure buruan bueltaka. ‘Txirriki-txarraka’ beraietako bat da.

-Protagonista neskatxo bat da, eta bereziki trebea da gauzak galtzen.
-Bai, gainera, ez daki non eta nola galtzen dituen. Orduan, amak enkargu bat egingo dio: amama gaixorik dago, eta gauza pilo bat eraman behar dizkio. Bera bidean gauza horiek apurka-apurka galtzen joango da. Egia esan, moduren batean nire istorioa ere bada, gauza batzuk han eta hemen galdu egiten ditut. Ba­tzuetan agertu egiten dira, eta beste batzuetan ez.

-Galera, bidea eta helmugara iristeko beharra dira liburuaren ardatzetako ba­tzuk. Zer mezu helarazi nahi izan duzu?
-Objektuak gal ditzakegu, baina gauza benetan garrantzitsuak aldean daramatzagu. Kasu honetan, amama besarkatzeko gogoa da garrantzitsuena, eta istorio honetan, hori da denetan sendagarriena.

-Izenburuak berak erritmoa eta soinua iradokitzen ditu. Zein garrantzi izan dute hiz­kuntzaren musikaltasunak eta ahozkotasunak lan honetan?
-Izenburua ‘Txirriki-txarraka’ da niri haur hizkera hori asko gustatzen zaidalako, hitz egiterakoan ere sarritan onomatopeiak erabiltzen ditut. Testuan garrantzi handia dute tipi-tapa, txirriki-txarraka eta halako soinuek. Badira soinuak orriz orri errepikatzen direnak eta ahozkotasunaren aldetik asko laguntzen dutenak, musikaltasuna eta erritmoa ematen dizkiotelako istorioari.

-Testua eta irudia elkar elikatzen dira liburuan.
-Bai, album ilustratuen ezaugarria irudiak pisu handia hartzen duela da, testuak besteko pisua edo handiagoa. Orduan, batak bestea gabe ez du guztiz funtzionatzen, eta horregatik sorkuntza prozesuan elkarrekin pentsatzen eta sortzen ditut. Testuak zerbait kontatzen du, baina irudia irakurtzea ezinbestekoa da istorioa ulertzeko.

“Lagungarria da etxean ipuinak elkarri kontatzea eta elkarrekin irakurtzea”

-Idaztea, ilustratzea, kontatzea… zer ematen dizu bakoitzak, eta zer ematen dizute elkarrekin?
-Hiruretan nabil, eta iruditzen zait horrek moduren batean nire sormen lana borobildu egiten duela. Idatziz gauza batzuk adierazi ahal ditut, ilustratuz beste batzuk… Izan ere, idazketa eta ilustrazioa elkarrekin uztartzean hirugarren hizkuntza bat sortzen da, anitzak izan daitezkeelako testuaren eta irudiaren arteko harremanak. Horrez gain, kontaketetan egoteak idazte eta ilustrazio prozesuan laguntzen dit, eta alderantziz. Kontatzea bada bakardadean sortutakoa plazaratzeko modu bat, eta nik kontaketetan pilo bat disfrutatzen dut, batez ere, umeekin. Oso publiko freskoa da, erantzuna zuzenean ematen dizu, eta zu moldatu egin behar zara momentuan gertatzen den horretara. Iruditzen zait oso gauza autentikoa dela, momentukoa eta ez daudela inoiz bi kontaketa berdin.

-Sorkuntzarekin lotutako beste proiektu batzuetan ere murgilduta zaude, ezta?
-Bai, sormena oso presente dago nire eguneroko lanean. Batetik, irakurle taldeak bideratzen ditut umeekin eta beraien gurasoekin. Oso gustura egoten naiz, eta oso feedback ona izaten dugu. Bestetik, sormen tailerrak bideratzen ditut, umeekin, gazteekin, helduekin, eta idazketa sortzailearen ingurukoak. Jolasteko espazioak dira, sormenari bidea egiten lagun­tzen dutenak. Sarritan geure buruari mugak jartzen dizkiogu eta horiek jolasaren bidez gainditzen ditugu. Idaztea eta ilustratzea ez da gutxi batzuren esku dagoen zerbait, jolas hori denok egin dezakegu.

-Gainera, aurten ere ‘Data-zarta’ Euskal Herriko historiari buruzko karta-jolasa kaleratu duzu.
-Bai, lehenago Argiakoekin ‘Hizki Pizti’ karta-jolasa atera genuen, irakurtzen eta idazten ikasteko jolasa. Aurten nagusitxoagoentzat beste bat atera dugu, Euskal Herriko historiari buruzkoa. Ehun gertakari aukeratu ditugu, gai ezberdinetakoak. Helburua da ehun gertakari horiek, proposamen ezberdinen bidez, ordena kronologiko egokian jartzea. Kartekin batera, liburuxka bat dator, gertaera bakoitzaren inguruko azalpen txiki batekin. Hamar urtetik gorakoentzat da, eta familian jolasteko oso aukera aproposa da. Elkarlanean sortu dugu: Eñaut Aiartzaguen izan da ilustratzailea, Josu Narbarte historialaria eta Iñaki Sanz Azkue eta biok arlo pedagogikoa eta ludikoa landu ditugu. Oso pozik gaude emaitzarekin eta jolasak izan duen harrerarekin.

-Ipuin-kontalaria zaren aldetik, zer aholku emango zenieke gurasoei txiki-txikiekin liburu bat irakurtzerakoan?
-Kontalariak zerbait konta­tzen duenean, pasioz eta gogoz, umeak jasotzen du. Hor elkarrizketa bat sortzen da, begiradaren bitartez, komentarioen bitartez, eta gurasoei esango nieke tarte horiek gozatzeko. Sarritan ez da super liburu bat izan behar, norberak txikitan bizi izandako anekdotak izan daitezke. Helburua da tarte atsegin bat pasatzea, elkarrekin hitz egiten eta elkarri entzuten.

-Zure ustez, irakurzaletasuna etxetik hasi behar da?
-Nire ustez, lagungarria da etxean ipuinak elkarri konta­tzea eta elkarrekin irakurtzea. Azkenean bada momentu afektibo garrantzitsu bat, non arreta osoa eskaintzen diozun umeari. Orduan, oso momentu bereziak bizitzen dira ipuinen eta istorioen bueltan. Inportantea da txikitatik tarte horiek ateratzea eta gerora, behin umeak bere kabuz irakurtzen ikasten duenean ere garran­tzitsua iruditzen zait irakurketa horiek partekatzen jarraitzea. Bizipen hori askoz aberatsagoa egiten du eta emozionalki inpaktu positiboagoa du.

-Baduzu beste proiekturik bidean?
-Burua borborka hainbat ideiarekin. Baditut pare bat album ilustratu buruan, bat ilustrazioekin hasita, bestea egitura nahiko egina. Badaukat beste liburu baten itzulpena egiteko, Argiako lantaldearekin ere posible da gauza berriak sortzea… Apurka-apurka egiten joango gara, gozatuz, eta ahal dugun heinean barruan ditugun horiek atera­tzen saiatuko gara.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados