Hitanoa lantzeko berba taldea sortuko du Amorebieta-Etxanoko Udaleko euskara zerbitzuak eta, zortzi-hamar laguneko taldea sortuz gero, ekimen berria otsailetik ekainera bitartean burutuko da.
Ekimenean parte hartzeko beharrezkoa da euskaraz ondo jakitea eta bizkaieraz ondo moldatzea; izan ere, sortuko den taldea “ez da Berbalagun talde arrunta izango”, gogoratu dute Udaleko euskara zerbitzutik.
Amorebieta-Etxano inguruko hitanoa landuko duen berba taldea aste birik behin elkartuko da. Egingo diren saioek bi atal izango dituzte; aurreneko ordu erdian, hitanoaren inguruko azalpenak, berezitasunak eta aditz formak landuko dira. Ondoren, ordubete inguruko berbaldiak egingo dira taldekideekin batera.
Ekimenean parte hartu nahi duten herritarrek Udaleko euskara zerbitzuarekin jarri behar dute harremanetan, 94 630 00 02 (120 luzapena) telefonoan edo euskara@amorebieta.eus helbidera idatzita.