
Elorrioko Ferixa Nausikoek azken txanpari ekingo diote gaur ospatuko den Sukalki Egunarekin eta bihar izango den Elkartasun Jaialdiarekin. Musika ekitaldiak, mozorroak, herri-kirol erakustaldia edo bertsolariek ez dute huts egingo jaietako azken asteburuko egitarauan.
Goizeko zortzietan hasiko den Sukalki lehiaketarekin abiatuko da eguneko egitaraua. Iturrizoro elkartearteak aurten ere antolatuko duen lehiaketa gastronomikoa Aldatsekuan izango da eta bertako inguruak herritarrek jantziko dituzten mozorroek koloreztatuko dituzte.
Goizean zehar, 3R: Reduce, Reutiliza y Recicla azoka egongo da Berrio-Otxoa kalean. Arriola eta Urarka kaleetan berriz haur parkeak jarriko dira.
Sukalki lehiaketaren sari banaketa eta jarraian izango den bazkariaren ostean, Bentazaharreko Mutiko Alaiak eta Gazteok fanfarreak girotuko dituzte inguruak. Arratsaldeko 18:00etan Aldatsekuatik Herriko plazara arteko bidea egingo duen karrozen jaitsiera hasiko da, Baskoson disko festak lagunduta. Ordu berean koadrilen olinpiadetako azken proba egingo da plazan, mozorroena alegia.
Gauean, suzko zezena zein suak eta malabarismoak tartekatzen dituen Teatro la Cosa konpainiaren ikuskizuna egongo dira plazan. Urarkan berriz, Kubako musika euskaraz eskaintzen duen Tik-Tara taldea egongo da; Gorka Suaia eta lagunek joko dute Gaztetxean eta txosnagunean Dj Tarantistaken saioa egongo da.
Hamaika herrialdetako jakiak
Domeka goizean ospatuko den Elkartasun Jaiak hamaika herrialdetako jakiak dastatzeko aukera eskainiko du. Kainabera GKEk antolatutako kulturarteko jaia Kanpokale eta Arriola kaleen artean izango da eta bertan Aljeria, Bolivia, Kolonbia, Nikaragua, Senegal, Mali, Portugal, Uzbekistan, India, Mexiko zein Euskal Herriko jakiak zein edariak dastatzeko aukera egongo da.
Ekimen horretan jasotzen den dirua Zaporeak elkarteak garatzen duen elkartasun proiektura bideratuko da, Grezian ez aurrera ez atzera dauden errefuxiatuei jatorduak prestatzeko, hain zuzen. Gainera, elkarte horretako kideak Elorrion izango dira eta bertatik bertara azalduko dute elkartea egiten dabilen lana eta errefuxiatuek bizi duten egoera.
Herri kirolak eta bertsolariak
Eguneko beste bi hitzordu nagusi eguerdian egongo den herri-kirolen erakustaldia eta arratsaldeko bertso saioa izango dira. Goizeko ekitaldiko protagonistak Alex Txikon, Julen Mendieta, Hodei Ezpeleta eta Bihurri aizkolariak; Joseba eta Udane Ostolaza harri-jasotzaileak eta Iparraldeko jokoen erakustaldia egingo duen Karlos Aretxabaleta izango dira.
Arratsaldeko bertso saioa Casajara jauregiko lorategian izango da eta ekitaldiko protagonistak Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Oihane Perea eta Nerea Ibarzabal izango dira, gai jartzaile lanetan Maite Berriozabal arituko dela.
Alos Quartet eta Aukeran Dantza Konpainiak eskainiko duten ‘Garden’ ikuskizunak emango dio amaiera aurtengo ospakizunei.