Banner en desktop Banner en moviles
Uda Giro Durango
Haizetara Amorebieta
Maristak Durango
Santos Arriandi

“Euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitu egiten du”

Naia Odriozola.

Zornotzak “ilusioz” ekingo dio aurtengo Euskaraldiari. Entitate eta kolektibo askoren inplikazioa lortu ostean, 15etik 25era bitartean ahalik eta zornotzar gehien aktibatzea da helburua. Ekimena udaberrira aldatu izanak lagunduko du kalean giroa sortzen eta euskara gehiago erabiltzen. Horregatik, ariketa soziala izatetik, Euskaraldiak mugimendu soziala izatera igaro nahi du aurten ‘Elkar mugituz egingo dugu’ lelopean. “Batak bestearengan dugun eraginean jarri nahi da arreta”, azaldu du Naia Odriozola Amorebieta-Etxanoko euskara teknikariak.

-Nola dator laugarren Euskaraldia?
-Ilusioz esan beharko. Herriko hainbat eragileren inplikazioa bilatzen saiatu gara, eta orain, herritarrak mugiaraztea falta da. Egitarauari dagokionez, kolektibo desberdinengana heltzeko helburuz osatu nahi dugu. Batetik, famillientzako gynkana bat izango dugu, eta Guraso Elkarteen artean euskara sustatzeko helburuz sortutako Goldatzen taldea buru-belarri ari da horretan. Bestetik, gazteak Euskaraldira erakartzeko eta euren arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko asmoz, gazteei begirako ekitaldi bat ere bagabiltza lan­tzen; gazteak eurak ari dira horretan. Horrez gain, Gure Zirkua herrian izango dugula aprobetxatuta, Gure Zirkuko lantaldearekin solasaldi bat ere antolatuko dugu.

-Gainera, berezitasun bat duzue aurten?
-Bai, aipatu behar dugu Amorebieta-Etxanok Euskaraldia Hikan ere parte hartuko duela, izan ere, herrian badugu hitanoa landu eta erabiltzeko lanean ari den taldetxo bat, eta aurtengo Euskaraldiak hitanoa ikusgarri egiteko aukera ematen zuela ikusita, guk ere aukera hori baliatu nahi izan dugu, eta horrekin ere bagabiltza lanketa bat egiten.

-‘Elkar mugituz egingo dugu’ da aurtengo leloa.
-Batak bestearengan dugun eraginean jarri nahi da arreta; euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitu egiten du, eta hizkuntza inertziak eraldatzen dira. Lehen hitzetik euskaraz eginda edo ahal den guztietan euskara erabilita, mugitu egiten ditugu besteak, interakzio bakoitza nolabait mugimendu bat da. Euskaraldiak mugimendu ho­ri aldi berean milaka eta milaka pertsonek batera egitea planteatzen du, efektu biderkatzailea lortzeko horrela.

-Udaberrian egingo da aurten. Aldaketak animatuko ditu zornotzarrak dinamikan parte hartzera?
-Euskaraldia udaberrian izateak uste dut lagunduko duela ariketa eraginkorragoa izaten; Euskaraldia ariketa soziala da, eta jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da, eta udaberria aproposagoa iruditzen zait horretarako, txapen erabilera ikusgarriago egiten lagunduko duelakoan nago.

-Nolakoa izan da parte-hartzea aurreko edizioetan? Aurten gaindituko al dira aurreko zenbakiak?
-Lehenengo edizioak ilusio berezia piztu zuen, eta orduantxe izan zen parte har­tzerik handiena; gero pandemia urtea izan zen, eta ordutik hona kosta egin da parte-hartze hori areagotzea; hala ere, azken txanpa honetan jende gehiagorengana heltzea espero dugu; edonola ere, uste dut garrantzitsuagoa dela kopuruari baino kalitateari begiratzea; alegia, ariketa ondo egitea eta horrek hizkuntza ohiturak aldatzeko bideak zabaltzea.

-Ahobizi eta belarriprest dira aukera daitezkeen bi rolak. Zornotzan ahobizi da gehiengoa?
-Bai, beti izan ditugu ahobizi gehiago; jende askok oraindik rolen banaketa gaitasunarekin lotzen du, nolabait, “euskalduna naiz, beraz, ahobizi”. Saiatu gara belarriprestak aktibatzen, batez ere taberna eta komertzioen bidez; izan ere, belarripresten rola oso-oso garrantzitsua da: jendeari esatea “niri egin euskaraz”, funtsezkoa da aurreiritzi ba­tzuk apurtu eta hizkuntza ohiturak aldatzeko bidea hasteko.

-Entitateek ere zeresana eta zeregina dute, ezta?
-Zeresan eta zeregin handia dute; batetik, hortxe ditugu kirol eta kultur elkarteak; eurek izugarrizko eragina dute euskararen sustapenean, izan ere, herriko hainbat jende mugitzen dute, esate baterako, umeen aisialdian eragin zuzena dute. Euskaraldian inplika­tzen saiatu gara elkarte horiek, bakoitzak ahal duen neurrian konpromisoak har ditzan. Bestetik, herriko komertzio eta tabernetara ere jo dugu, eta eurak ere animatu ditugu Euskaraldian parte hartzera; herritarrek jakitea zein establezimendutan eska dezaketen lasai euskaraz funtsezkoa da 11 egun horietan ariketa ondo egiteko, eta aurrera begira inertzia batzuk aldatzeko.

-Ikusi al da ariketa bukatu ostean, euskara gehiago, gehiagotan eta jende gehiagorekin egiten dutela zornotzarrek?
-Hori litzateke helburua. Hala ere, Euskaraldia ezin dugu ulertu ariketa isolatu gisa, beste hainbat egitasmo, lanketa eta programa ere martxan izatea ezinbestekoa da euskararen erabilera areagotzeko, bai maila lokalean eta maila makroan.

-Euskaraldiak lagunduko du horretan, baina nork dauka euskara bizirik mantentzeko ardura, zuen ustez?
-Guztiok; ardura kolektibo bat da. Bakoitzak bere eremuan, bere errealitatetik badu nolabaiteko ardura bat eta zeregin bat; baina, jakina, horretarako instituzioen ardura eta konpromisoa ere ezinbestekoa da.

-Zenbat herritar bizi da euskaraz Zornotzan?
-Azken kale erabileraren neur­ketaren arabera kalean % 23,4 erabiltzen da euskara; ia 4 elkarrizketatik bat euskaraz da horrenbestez. Horrek ez du esan nahi hala ere, herritarren laurdena euskaraz bizi denik, hainbat direlako horretan eragiten duten faktoreak; helburua izan behar da euskaraz bizi nahi duten horiei euskaraz bizi ahal izateko ahalik eta aukera eta erraztasun gehien eskain­tzea, eta Euskaraldia horretarako tresna bikaina da.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados