
Erakusmahaiak, standak, guneak, sortzaileak, antolatzaileak eta gainontzeko guztiak prest daude 54. Durangoko Azokari hasiera emateko eta gogotsu gerturatuko diren bisitari guztiei ongi etorria emateko.
Bihar, etzi eta etzidamu goizeko 10:30ean irekiko badira Landako Guneko ateak, gaur, lehenengo eguna dela eta, 10:15etik aurrera egongo da euskal kulturaren ekosistema adierazgarrienetarikoan murgiltzeko aukera. Ateen irekiera Arymux artistak egingo du, zeinu-hizkuntzan egindako ikuskizun laburra eskainiz.
Gazteak izango dira eguneko protagonista nagusiak, ohikoa denez Gerediaga Elkarteak antolatzen duen ekimenaren hastapeneko eguna Ikasleei zuzenduta baitago. Landako Gunean egongo diren standak bisitatzeaz gain, gainontzeko zazpi guneetan hainbat ekimen izango dituzte Euskal Herri osotik gerturatutako milaka gazteek.
200 ekitalditik gora
‘Osorik DA!’ goiburuarekin ospatuko den Azokak egitarau oparoa prestatu du gaurko Ikasle Egunerako eta Azokaren beste hiru egunetarako. Sortzaileek, argitaletxeek, ekoizleek eta bestelakoek eskainiko dituzten 405 nobedadeez gain kulturazaleek 200 ekitalditik gora izango dituzte aukeran domekara bitartean.
Gaur bertan ikasleentzat bereziki prestatutako hainbat tailer izango dira gune desberdinetan, ahozkotasuna, liburugintza, zinemagintza, antzerkigintza, ipuinak edo kaligrafia lantzeko baliagarriak direnak.
Azokak duen arlo profesionala ere lehenengo egunean azalduko da, goizeko 10:00etatik aurrera lehenengoz antolatutako DA! PRO egitasmoa abiatuko baita Musika Eskolan. Musikari, programatzaile eta diskoetxeen arteko topagunean 17 musika taldek aurkezpena egingo dute.
Lehendakaria inaugurazioan
Zuzeneko ekitaldiak ere egunean zehar abiatuko dira gune guztietan eta Ahotseneako zuzeneko musika saioak arratsaldean hasiko dira. Gune horretan jarritako bi agertokietan ia 50 taldek joko dute domekara bitartean eta Ahotseneako solasaldien aretoan, Saguganbaran, Kabian, Irudienean, Szenatokian zein Plateruenan eskainiko den programazioak edozein euskaltzale asetu dezake. Azken gune horretan izango dira egun amaierako kontzertuak eta gaurkoan ETS En Tol Sarmiento taldeak ‘Aukera berriak’ lana aurkeztuko du.
Lehenengo eguna izanda, inaugurazio ekitaldia ere prestatu dute Gerediaga Elkarteko antolatzaileek. Arratsaldeko 19:00etan Musika Eskolan egingo den ‘Oparitarako’ ekitaldia Kepa Errasti aktoreak gidatuko du eta bertan, besteak beste, Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Ima Garrastatxu Durangoko alkatea izango dira.
Domekara arte egongo diren ekitaldien egitarau osoa Durangoko Azokaren webgunean kontsulta daiteke, baita sortzaileen sinadura-ordutegiak eta bestelako informazio gehigarriak.
Antolatzaileek zerbitzu publikoa erabiltzeko gomendioa luzatu dute, nahiz eta kotxea erabiltzen dutenentzat doako autobus zerbitzua prestatu dute 20 minutuero Iurretako peaje alboko aparkalekuetatik Landako guneraino.