
Elorrioko Udalak 60.000 euro inbertituko ditu Musika Eskola, Haurreskola eta Herri Ikastetxearen inguruak atondu eta irisgarritasuna hobetzeko. Lanak uda honetan gauzatuko dira eta ikasturtea hasi aurretik amaituko dira.
Aurreikusitako lanak ikasle eta gurasoen segurtasuna bermatu nahi dituzte eta bi gunetan gauzatuko dira. Alde batetik, Haurreskolako sarrera nagusitik Musika Eskolako sarrera dagoen tartea hobetuko da; hau da, Goieta kaletik maisuen etxe-ostera doan eremua.
Eremu horretan egingo diren lanak oinezkoen joan-etorriak erraztu nahi dituzte. Egitasmo hori gauzatzeko eta gaur egungo lur desnibelak kentzeko, zorua berdinduko duten harlauzak jarriko dira. Gainera, Musika Eskola aurreko lurra altxatu behar dela eta, eraikuntza horretan dauden hezetasun arazoak behin betiko ekidin nahi dira.
Bestalde, Haurreskolaren atzealdetik Herri Ikastetxera doan bideko segurtasuna bermatu nahi da. Horretarako sarrera berri bat egingo da Haurreskolaren atzealdean, Herri Ikastetxearen inguruan dauden hamabi aparkaleku plaza kendu eta eremua piboteekin mugatuko da.
“Aurreko legegintzaldian ate berri bat ireki zen Herri Ikastetxearen albo baten baina ez da erabiltzen”, Idoia Buruaga alkateren esanetan. Egingo diren hobekuntzekin eta aparkalekuko plazak kenduta “oinezkoen segurtasuna bermatuko da” eta bi zentroen arteko ibilbidean ez da oztoporik egongo.
Udalak hiru ikastetxeen inguruan egingo dituen lanen helburua, gurasoek sarritan eskatutako hobekuntzak ahalbidetzea da.