Durangoko Energia Komunitatea
Durangoko Azoka
Herriaren Eskubideak-Independientes
Amorebieta-Etxanoko Udala

“Durangon sortzen den giroa paregabea da guretzat”

Rafa Iriondo, Aintzane Uria, Etor Akordagoitia, Kepa Calvo eta Gorka Eskauriaza dira Luhartz taldeko kideak.

Durangoko San Fausto jaiak bereziak dira herritarren­tzat, eta are gehiago Luhartz taldearentzat, etxean jotzea beti plazera baita. 43 urteko ibilbidea egin ostean, oraindik ere plazak eta erromeriak bizirik mantentzen dituzte, belaunaldi desberdinak dantzara bultzatuz. Pandemiaren ondoren, taldeak Durangon egin zuen bere lehen kontzertu jendetsua, eta ordutik jende gazte ugari batu zaie berriz ere.

Aurten bi saio eskainiko dituzte hilaren 18an: eguerdikoa, euskal dantzak erakusteko eta partekatzeko, eta gauekoa, bertsio eta abesti propioekin festa giroan murgiltzeko. Betiko moduan, publikoaren gustuetara egokituko dira, naturaltasun eta alaitasun handiz, Luhartzek ondo dakien moduan: dantzan eta bizirik.

-Durangoko San Faustoak beti dira bereziak herritarrentzat; zer sentitzen duzue zuen herrian jotzera itzul­tzen zaretenean?
-Guretzako kriston plazera da. Oso pozik gaude, batez ere, Durangon, gure herrian, giro berezia sortzen delako.

-Gainera Durangon egin zenuten pandemia osteko lehenengo emanaldi gogoangarria.
-Pandemian guztiz ez ginen gelditu, eserita entzuteko saioak egin genituen. Baina, pandemia osteko lehenengo kontzertua, Durangon izan zen, inauterietan, dantza baimendu zenean, eta zer gertatuko zain egon ginen. Gaztetxo asko nagusitu ziren erromerietara joan barik, beste musika mota batzuk entzuten zituzten, eta gu beldurtuta geunden ez genekielako zer erantzuna izango genuen. Baina, gure sorpresarako jende gazte asko eta asko hurbildu zen. Beraz, guretzat Durangon jotzea beti da berezia.

-Bi saio eskainiko dituzue, gainera.
-Hori da. Eguerdiko saio bat, ordubetekoa edo, eta gero gauean beste bi ordu eskainiko ditugu. Proba egin genuen, eta ikusi genuen formatu honek oso erantzun ona ematen zigula. Lauzpabost urte daramatzagu formula honekin: lehenengo zatian euskal dan­tzak erakutsi eta egiten ditugu, eta bigarren zatian, bertsioak egiten ditugu, baita geure kantak ere. Azken hiru hamarkadetako, gure ustez, falta ezin diren taldeen abestiak jotzen ditugu, euskal taldeenak eta kanpokoenak ere bai.

-Sorpresarik egongo al da?
-Pare bat abesti berri ditugu. Iaz egin genuen disko berri bat, aurten beste proiektutxo batekin gabiltza, eta dantza bat dugu prestatzeko gure abesti batekin. Orduan gauza berri batzuk sartuko ditugu. Gainera, bertako kantari batzuek lagunduko gaituzte. Dena dela, Durangoko giroak eskatzen diguna joango gara ikusten, eta betiko moduan, egokitu egingo gara. Hori da gure estiloa.

-Musika tradizionala eta modernoa uztartzeko modu propioa duzue. Zer da, zuen ustez, publikoari gehien gustatzen zaiona zuen proposamenetik?
-Publikoaren eskaerei eran­tzuten diegula, “a la carta”. Sarritan hasten bagara jo­tzen, adibidez, dantza plaza moduan, saiatzen gara kanta errazenak jotzen, ahalik eta jende gehien batzeko. Gure hurbiltasuna, ematen dugun konfiantza… Izan ere, jendea hurbiltzen zaigu abestiak jotzera, eta eskaerak egitera.

Konplexu barik

-Azken urteetan, dantza-plazak eta erromeriak berriz indartzen ari direla dirudi. Zuek ere hala sumatzen duzue?
-Bai, asko igarri dugu. Erromeria beti egon da hor, baina azken urteetan nik uste dut jende gaztea gehiago hurbiltzen ari dela. Garai batean erromeriak eta halakoak gutxiesten ziren, hori geuk bizi izan dugu. Gure ibilbidean izan ditugu gorabeherak, garai oso onak eta txarrak. Gu hasi ginenean, musika plazan baino ez zegoen, ez zegoen ez tabernetan, ez txosnetan. Plazakoa izan zen lehenengo eskaintza musikala, eta gaur egun munduko beste puntan abesti bat atera eta berehala daukagu eskuragarri. Hala ere, jende gaztea konplexu barik doa erromeria batera, eta naturaltasuna lortu da.

-Zuen ibilbidean belaunaldi askotako jendea eduki duzue aurrean. Zer moduzko harremana sortzen da gazteen eta helduen artean zuen kontzertuetan?
-Oso ona. Inoiz bildu izan ditugu hiru belaunaldi, aitita-amamak, gurasoak eta etxeko txikiak, eta oso ondo. Eromeriako giroa jaiegunekoa da, eta belaunaldi ezberdinak oso ondo konpontzen dira gure kontzertuetan. Egia esan, txosnetan beste giro bat sortzen da, eta giro horretan ere guk errepertorio aldetik, aukeratzeko moduan daukagu. Tokatzen bazaigu jende gaztea, saiatzen gara eurentzako abestiak egiten, eta nagusiagoak badira, gauza bera egiten dugu. Gure berezitasuna hori da.

-Zein da plazaz plaza gehien harritu edo hunkitu zaituzten une horietako bat?
-Asko egon dira. Baina bereziki behin Durangon bizi izandakoa garrantzitsua izan zen guretzat. Pandemia osteko lehen kontzertua zen, eta Andra Mariko elizpea bete-beteta zegoen, ez zen haizerik ere sar­tzen. Ikaragarria! Gero, hurrengo asteburuan Debara joan ginen. Uste genuen ez zela jende askorik egongo, eta euria zela eta, bertan behera geratzear egon zen. Baina plazara heldu ginenean lepo zegoen, jende oso gazteaz, gainera. Jo­tzen geundela, ordu biak aldera, gerturatu zitzaigun 16-17 urteko mutil bat eta esan zigun: “Jo ahal duzue ‘Behin batean Loiolan’? Badakit lehen egin duzuela, baina lehen ez da nire ama egon eta nire amarekin dantza egin nahi dut”. Oso egoera polita izan zen gure­tzat. Asko eta asko izan ditugu: ezkontza eskaerak eta guzti.

Kalifornian eta Idahon

-Eta hemendik kanpo?
-Ere bai. Guk 22 urte darama­tzagu Estatu Batuetara urtero joaten. Kalifornian eta Idahon gazteak euskal dantzak egiten ikustea oso hunkigarria da. Boisen, adibidez, lehen aldiz egon ginenean, hasi ginen jotzen banango bat eta egon ginen 42 minutu jarraian, gelditu barik! Momentu gogoangarri asko izan ditugu, eta gehien-gehienak oso ederrak. Txarrik oso gutxi.

-Eta etorkizunari begira, zein dira Luhartzen erronka berriak?
-Joseba Sarrionandiarekin oso proiektu polita daukagu. Estatu Batuetara joandako ibarrangelutar baten gaineko ikerketa egin du. Gainera, materiala bildu du; ibarrangelutarrak ber­tsoak idatzi eta oparitu egiten zituen. Sarrionandiak bertso horiek bildu, eta guk musikatu egin ditugu. Orduan, liburuan bertsoekin batera QR kodea egongo da, eta entzun ahal izango da guk sortutako musika. Negua aprobetxatuko dugu proiektu hori zabaltzeko. Gero gauza desberdinak egiten ditugu beti. Orduan, dei­tzen diguten bitartean, taldeak aurrera jarraituko du. Motibatuta gaude; ez daukagu asper­tzeko astirik.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados