Banner en desktop Banner en moviles
Berrizko Udala
Contra el Cáncer
Iurretako Udala
Dendariak

Durangaldeko uzta kultural oparoak oihartzuna izango du Durangoko Azokan gaurtik aurrera

Ganso&Cía, Ane Berriotxoa, Miren Amuriza eta Joseba Sarrionandia.

Musika, ikus-entzunezkoak, antzerkia, liburuak, proiektu digitalak… Disziplina askotakoak eta publiko guztiei zuzendutakoak izango dira, gaurtik eta igandera arte, Durangoko Azokan aurkeztuko diren Durangaldeko lanak. Ia hogei bat sortzailek osatuko dute eskualdeko zerrenda, eta azokako gune guztietan egongo dira ordezkatuta. Gainera, bihar, Gazte Eztanda egunean, Nekkar musika taldeak eta Xaukena Xauk musika jartzaileek girotuko dute gaueko egitaraua. Uzta oparoa da, beraz, aurten eskualdeak emandakoa. ‘Hartzea ematea DA!’ euskal erakusleiho nagusiaren leloari jarraituta, zaleak gerturatzea eta lanez gozatzea baino ez da geratzen.

Kultura zaleek ezer gal ez dezaten, guneka sailkatuko ditugu sortzaileak. Ahotsenea Musikan eskualdeko musikariak bilduko dira. Ainke taldeak, adibidez, bere bigarren diskoa ‘Hamar gezur eta hiru tiro’ aurkeztuko du Plateruenan. Gune berean, Ander Erzillak zuzenekoa eskainiko du ‘Durundi’ diskoa ezagutzera emateko. Ahotsarekin eta saxofoiarekin hirugarren lan honetako burua bada ere, ondo lagunduta egon da. Izan ere, bere hiru alabak ondoan izan ditu.  Horrez gain, Ander Garcia (kontrabaxua), Dani Artetxe (gitarra) eta Rakel Arbeloa (bateria) musikariek parte hartu dute.

Durangaldean sortutako ikus-entzunezkoak Irudienean, hau da, Zugaza zineman eskainiko dira. Horien artean, Ane Berriotxoa zornotzarraren ‘Nire amaren etxea’ film laburra ikusi ahal izango da. Karmen 40 urteko emakumearen istorioa ezagutzeko aukera emango digu. Protagonistak ama galdu du, eta ez du inoiz harreman onik izan berarekin, baina orain, jaiotzen ikusi zuen etxearen bitartez, haren azalean jartzen da, eta galdera asko erantzuten ditu, zerbait ulertzen du. Pantailan alaba, etxea eta erantzungailuan utzitako ahots-mezuak baino ez dira agertuko.

Halaber, ‘Errekatxo baten onduen’ dokumentala aurkeztuko da. Markel Onaindia gidoigile eta zuzendariak Mediolako auzo eskolan ibilitako ikasle eta irakasleen bizipenak jaso ditu, tokiaren mendeurrena ospatzeko. “Auzolan handi baten emaitza da”, aitortu du Onaindiak. Atzera begirakoa ere egin dute Ibaizabal ikastolakook. Duela 25 urte egon zen mugimenduarekin sortu zen ikastola. Mugimendu horrek gaur egun arte darrai, eta horren fruitua izan da ikas komunitateak ‘Bost bider bost 25’ lelopean aurrera eraman duen bideoklipa. Ikusgai egongo den lana Peio Azkarateren musikarekin eta Ainhoa Olasoren gidaritzapean ondu da.

Eduki digitalak

Eduki digitalek ere beren lekua izango dute Durangoko Azokan. Gune honetan, Eider Eibar ilustratzaile zornotzarrak Iskander Sagarminaga itsasoko igerilariarekin batera egindako ‘Margo Piratak’ lana erakutsiko digu. Proiektu transmediak zazpi itsasoen erronkak igerian eta marraztuz euskaraz sorturiko eduki digital guztiak biltzen ditu: eskulanak, euskarazko sticker animatuak, mapa interaktiboak, bideoak eta animazioak, besteak beste. Horrez gain, ‘Kokoak’ izaki fantastiko txikien abentura koloretsua ezagutzera emango du Eibarrek Saguganbaran, umeentzako gunean.

Ildo beretik jarraituz, txikiei zuzendutako egitarauan leku berezia izango du Peru Magdalenaren ‘Lo-kantak’ proiektuak. Sehaska-kanta berri bezain ederrak asmatu ditu etxeko haurtxoei lo egiten laguntzeko, eta liburu-jostailu berezi eta ederraz gainera, grabazioa ere eskaintzen digu, haurrari nola kantatu jakin dezagun. 2 urtetik gorako umeentzat da Amaia Egidazuren ‘Itsaso gazian’ liburua,  kantatzeko eta  kontatzeko sortutakoa. Testu errimaduna duen kartoizko liburuak itsasoa eta bertako animaliak ezagutzeko balio du.

Jon Ander Urkiagak ‘Baziren behin… hiru ipuin’ ipuin kontaketa burutuko du 5 urtetik gorakoentzat.  Haur txikiei kontatzeko hiru ipuin idatzi ditu eta Gastonek ilustratu, alegia erakoak. Gainera, herri tradizioan bizirik dirauten kantuak eta ume txikiekin jolasteko edo kantatzeko ohiko abestiak ‘Txalopin Txalo’ liburuan jaso dira. Mankomunitateak eta Enrike Morentek aurkeztuko dute.

Durangaldeko ondare literarioa

Talaian bestelako gaiak landuko dira. Esaterako, Martin Arbeok ‘Liluraren kontra: trantsizio geopolitikoaren argi-ilunak’ liburua aurkeztuko, eta horrez gain, beste bi aurkezpen interesgarri izango dira. Batetik, Joseba Sarrionandiaren eskutik, ‘Iurretako berbeta eta literatura: Sator hegalariak’ liburua ezagutuko dugu. Durangaldeko ondare literarioa jasotzea eta ezagutaraztea helburu izango duen bildumaren lehenengoa alea da. Bestetik, Mikel Uribelarreak genero identitatearen gaia jorratuko du ‘Gorputz txiki batean jaio nintzen’ lana oinarri hartuta.

Durangaldeko antzerki taldeak Szenatokiko oholtzara igoko dira. Lehenengo, Karrikaren txanda izango da. ‘Hurrengo geltokia’ zain egoteari buruzko antzezlanaren 20 minutuak eskainiko dituzte. Horrez gain, Ganso&Ciak ‘The Question’ taularatuko dute, barrea eragiteko asmoz.

Azkenik, Ahotsenea Literaturan helduentzako fikziozko literatura eta poesia Miren Amuriza eta Leire Vargasen eskutik eskainiko dira. Idazle berriztarrak bere bigarren eleberria ‘Pleibak’ eramango du Durangoko Azokara, eta olerkari durangarrak ere ‘Bihotz-museo bat’ bere bigarren poesia bilduma aurkeztuko du.

Non Noiz Durangaldeko Sortzaileak
Ahotsenea Musika Abenduak 6 Ainke: Hamar gezur eta hiru tiro
Abenduak 8 Ander Erzilla: Durundi
Irudienea Abenduak 6 Ane Berriotxoa: Nire amaren etxea filma
Abenduak 7 Markel Onandia: Errekatxo baten onduen
Abenduak 8 Ibaizabal Ikastola: Bost bider bost hogeita bost
Kabia / Saguganbara Abenduak 6 Eider Eibar eta Iskander Sagarmintza: Margo Piratak
Saguganbara Abenduak 5 Usue Egia: Tailerra
Abenduak 5 Eider Eibar: Kokoak
Abenduak 7 Peru Madalena: Lo-kantak
Abenduak 7 Amaia Egidazu: Itsaso gazian
Abenduak 7 Jon Ander Urkiaga: Baziren behin… hiru ipuin
Abenduak 8 Mankomunitatea eta Enrique Morente: Txalopin txalo
Szenatokía Abenduak 8 Karrika: Hurrengo geltokia
Abenduak 8 Ganso & Cía: The question
Talaia Abenduak 7 Martin Arbeo: Liluraren kontra: trantsizio geopolitikoaren argi-ilunak
Abenduak 8 Joseba Sarrionandia: Iurretako berbeta eta literatura: Sator hegalariak
Abenduak 8 Mikel Uribellarea: Gorputz txiki batean jaio nintzen
Ahotsenea Literatura Abenduak 8 Miren Amuriza: Pleibak
Abenduak 8 Leire Vargas: Bihotz-museo bat
1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados