Bizkargi Gogoratuz Elkarteak antolatutako Bizkargi Eguna ospatu zen atzo, Santikurtz errepetizino egunez, eta omenaldiko protagonista nagusia ‘Esteban Salsamendi’ batailoi komunistako Aniceto Agirrebeitia Lazpita berriztarra izan zen. Bere gorpuzkiak 2020ko abenduan 20an aurkitu zituzten ermita dagoen lekutik 300 bat metrotara.
Atzo goizean egindako ekitaldiara Agirrebeitia gudariaren senideak gerturatu ziren, “merezi dauen omenaldia izan dagian”, Bizkargi Gogoratuz Elkarteko kideek azpimarratu zutenez. Oroimen ekitaldian parte hartzeagatik senideei eskerrak eman zizkieten antolatzaileek.
Borrokalari berriztarra Euskadiko Partidu Komunistako ‘Esteban Salsamendi’ batailoiko kidea izan zan. Boluntarioz eta errekrutez osatutako batailoia 1936ko irailaren hasieran hasi zen antolatzen ‘Sección Harinopanadera’ren ekimenez, asmo nagusia okin guztiak batzea zela. Euzko Gudarostearen 44. zenbakia izan zan.
Agirrebeitiak osatzen zuen batailoiak egundoko sarraskia jasan zuen Otxandioko frontean 1937ko apirilaren 4an izandako aireko bonbardaketaren ondorioz. Bertan, 33 hildako eta 284 desagertu izan ziren, beraietako asko preso hartuak izan zirela.
Ondoren Urkiolako frontera bidali zuten Euskadiko Partidu Komunistako Erreserbako batailoia osatzeko eta, berrantolaketa berri baten ondoren, Salsamendi batailoia Bizkargira bidali zuten. Bertan izandako borroketan hainbat hildako eta preso egon ziren, eta hildakoen artean atzo gogoratu eta omendu zuten Aniceto Agirrebeitia Lazpita zegoen. Berriztarra 1937ko maiatzaren 16an erail zuten.