Maristak Durango
San Blas
Jesuitak Durango
Santos Arriandi

Berbalagun, euskara praktikatzeko eta harremanak saretzeko espazioa

Euskararen erabilera egunerokoan txertatzeko ezinbestekoa da hizkuntza praktikatzeko aukerak izatea. Premisa horretatik abiatu zen duela urte batzuk Durangaldeko Berbalagun egitasmoa, eta gaur egun ere helburu bera du: euskara ikasten ari direnak eta euskara dakitenak elkartzea, modu informalean, presiorik gabe eta giro atseginean euskaraz aritzeko espazioak sortuz.

Durangaldeko AEKk kudea­tzen duen egitasmoa da Berbalagun, baina izaera kolektiboa du. Udalekin, Mankomunitatearekin eta hainbat eragilerekin elkarlanean antolatzen ditu taldeak eta ekintzak, eta sare horri esker eskaintza zabala eta askotarikoa osatzen du. “Berbalagun hainbat eragileren sarea da, eta bere helburua euskaraz hitz egin nahi duenari horretarako aukerak ematea da”, azaldu du Josu Abaunza Durangaldeko Berbalaguneko dinamizatzaileak.

Egitasmoaren ardatz nagusietako bat dira astero biltzen diren mintzalagun taldeak. Ordubetez elkartzen dira parte-hartzaileak, kafe baten bueltan, paseo bat emanez edo taldeak adostutako jarduera bat eginez, eguneroko gaien inguruan euskaraz aritzeko. Talde bakoitzean euskaldun oso bat izaten da erreferentzia, eta hizkuntza praktikatzeko giro lasaia eta naturala bermatzen da.

Horrez gain, Berbalagunek xede-taldeak eta ekintza puntualak ere antolatzen ditu urtean zehar. Xede-taldeek interes jakin baten bueltan lantzen dute euskara –argazkigintza, adibidez–, eta ekintza puntualen artean askotariko proposamenak egin izan dira: ibilbideak, tailerrak, dastaketak edo mintzodromoak. Gurasolagun ekimenaren bidez, berriz, familiek ere badute euskaraz elkarrekin aritzeko aukera, haurrekin batera egindako jardueren bidez.

“Euskaraz ondo pasatzea benetako tresna da hizkuntza ohiturak aldatzeko”

Parte-hartzeari dagokionez, datuak adierazgarriak dira. Iaz, Berbalagunek antolatutako eguneko ekintzetan 500 lagun baino gehiagok parte hartu zuten, eta asteroko taldeetan 150 lagun inguruk jardun zuten. Parte-hartzaileek nahi duten jarduera guztietan aritzeko aukera dute, eta taldeak elkarren osagarri dira. “Askatasun handia dago talde batetik bestera mugitzeko, eta hori asko baloratzen du jendeak”, azaldu du Abaunzak.

Dinamizatzailearen ustez, parte-hartzaileek gehien baloratzen dutena hurbiltasuna eta harremanak egiteko erraztasuna da. “Edozein momentutan jo dezakete dinamizatzaileengana, eta herri ezberdinetako jendea ezagu­tzeko aukera dute. Ingurua eta pertsonak ezagu­tzen dituzte, eta euskarazko harreman-sarea sortzen da”. Horrek guztiak euskararen erabilerarako konfiantza handitzen du.

Sormena eta jolasa

Testuinguru horretan koka­tzen da Euskaraz astiro, sormenagaz aldiro ikastaro berria, Bizenta Mogel liburutegiaren eta Berbalagunen arteko elkarlanaren emaitza. Lehen aldiz antolatuko den proposamena da, doakoa, eta hilean behin egingo da, urtarriletik ekainera bitartean. Sei saio izango dira, 17:00etatik 18:00etara, eta 10-12 laguneko talde txikietan garatuko dira.

Ikastaroak irakurketa, jolasa eta sormena uztartuko ditu, album ilustratuak oinarri hartuta, eta Alaitz Muro dinamizatzailearen gidari­tzapean egingo dira saioak. Helburua da euskaraz sor­tzeko eta gozatzeko espazio segurua eskaintzea, oinarriz­ko euskara maila duten herritarrei zuzenduta. “Euskaraz ondo pasatzea benetako tresna da hizkuntza ohiturak aldatzeko”, azpimarratu du Abaunzak.

Berbalagun egitasmoak, oro har, egunerokotasunean euskarari espazioa, denbora eta ikusgarritasuna ematen dizkio. “Norekin praktikatu izatea funtsezkoa da, eta erabileraren bidez hizkuntzaren ezagu­tza ere handitzen da”, dio dinamizatzaileak. Ikastaro berria, beraz, filosofia horren adibide argia da: euskaraz aritzeko beste ate bat, sarearen barruan. Izena emateko interesa dutenek 639 400 786 telefono zenbakira jo dezakete.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados