Garaiko Udala
Durangoko Udala
Amorebieta-Etxanoko Udala
Herriaren Eskubideak-Independientes

“Ausartuko al gara gerretan umeak erailtzen dituztela ipuin batean kontatzera?”

Sariak hogei urte inguruko ibilbide emankorraren aitortza ekarri dio Leire Bilbaori, baina, egileak, bereziki, ‘Klera’ liburuaren atzean dagoen elkarlan artistiko zabala nabarmendu nahi izan du: testua, ilustrazioa, dantza, musika eta irudiak QR kodeen bidez uztartzen dituen lana burutu du, June San Sebastian ilustratzailea, Kukai Dantza konpainia, Maite Larburu musikaria eta David Bernues bideogilearekin batera.

Durangon bizi denetik herriarekin lotura estua garatu du Bilbaok, eta Bizenta Mogel liburutegian urteak daramatza irakurle taldea dinamizatzen. Irakurketak “libreago” egiten gaituela uste du, eta hala ikusten du literatura ere, “eremu aske” baten moduan. Horregatik, sorkuntzan ausardia defendatzen du: “Literaturan ez bagara aske, non izango gara?”. Berak gai gogorrei heldu die, eta haurrentzat ulergarri egin ditu. Gerraren hauts zuriak inspiratutako metaforaren bidez, umeen zaurgarritasunaz, gatazkaren krudeltasunaz eta heriotzaren itzalaz aritu da umeentzako liburuan. Ulertzekoa da, beraz, epaimahaiak “etiketarik gabeko literaturaturaren adibidetzat” hartu izana lan saritua. Laster gaztelaniaz argitaratutako da, eta film labur baten proiektua ere bidean dago.

-Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala jaso berri duzu. Zorionak!
-Sorpresa atsegina izan da eta poz kolektiboa. ‘Klera’ liburuan parte hartu dugun guztiok poztu egin gara. Horrez gain, nire ibilbideari egindako sari bat moduan hartzen dut. 2006an hasi nintzen argitaratzen, jadanik urte batzuk dira, eta haur eta gazte literaturan urtero argitaratzen dut. Era berean, bide horretan jarraitzeko bultzadatxoa ere bada.

-Elkarlanean ondutako lana izan da.
-Hori da. Normalean haur eta gazte literaturako liburuak ilustratzailearekin elkarlanean egiten dira, baina hemen gauza berezi bat egin genuen: June San Sebastianen irudiez gain, dantza, musika eta irudi bisualak txertatu ditugu, QR kode batzuen bidez. Orduan, hizkuntza artistiko ezberdinak erabili ditugu istorio hau kontatzeko.

-‘Klera’ da zure lan sarituaren izenburua. Zer ideiak edo sentimenduk eraman zintuen izenburu hori aukeratzera?
-‘Klera’ klariona da euskaraz, eta leherketa baten ondorioz, eraikin bat behera etortzen denean, kolore zuria barreiatzen da, hautsak dena estaltzen baitu. Zoritxarrez, azkenaldian halako irudi gogorrak ikusi izan ditugu eta ikusten ari gara komunikabideetan, Gazako bonbardaketetan eta Ukrainako gerran hautsitako eraikinen artean hainbat heldu eta ume hauts zuriz goitik behera zikinduta. Irudi horiek ikusi eta berehala etorri zitzaidan metafora burura. Umetan klariona erabili izan dugu sortzeko, idazteko, margotzeko arbel batean, eta gatazketan, alderantziz, umeak agertzen dira hauts zuriz zikinduta suntsiketa eta gerraren ondorioz.

-Une batean heriotzari aurrez aurre begiratu beharko dio protagonistak.
-Bizitzan guztiok edukiko dugu heriotzarekin elkarrizketa bat, batez ere, adinean gora goazen heinean edo gaixotasunen bat daukagunean. Istorio honetan, ordea, ume bat gerra baten erdian harrapatuta dago, eta momentu batetik bestera eta berak eskatu gabe, heriotzarekin aurrez aurre elkarrizketa bat izatea egokituko zaio, gaur egun ume askori gertatzen ari zaien bezala munduan dauden gerretan. Hori adierazi nahi nuen, nolakoa izan zitekeen elkarrizketa hori eta intimitate horretara sartu. Geure umeak gerra horietatik urrun egon arren, irudi horiek ikusten dituzte, enpatia sortzen dute eta galdetzen dute zergatik gertatzen zaien hori beren adinekoei.

-Eta erantzuna behar dute…
-Denok izan dugu barruko ezinegona. Nik pentsatu nuen zergatik ez gara ausartuko sorkuntzatik, disziplina artistiko ezberdinetatik esaten: “umeak hiltzen dituzte gerretan” eta horretaz istorio bat egin. Azken finean, liiteraturak eta liburuek zertarako balio dute? Galderak egiteko bakoitzak bere buruari, eta bakoitzak bere erantzunak topatzeko. Umeek galdera asko dituzte, eta beraien erantzunak topatu behar dituzte irakurle eta pertsona moduan.

-Erantzunak topatzeko hainbat bide eskaintzen ditu ‘Klera’ liburuak.
-Kapa ezberdinak dituen irakurketa proposatu dugu. Izan daiteke umeak bakarrik irakurtzea, izan daiteke nagusi baten laguntzarekin irakurtzea, izan daiteke testua bakarrik irakurtzea, izan daiteke ilustrazioak bakarrik irakurtzea… Baina beste irakurketa bat ere badauka irudiak eta testuarekin batera QR kode horiek zabaldu eta hausnarketa bat egitea letretatik, irudietatik, musikatik, dantzatik… eta ea zer eragiten dion hartzaile horri ikusten ari denak edo sentitzen ari denak.

“Umeak oso argiak dira, tabuak helduok eraikitzen ditugu”

-Irakurleengandik zer emozio edo hausnarketa espero duzu?
-Ez dut ezer espero. Nik sinesten dut aske izan behar den literatura batean. Egia da duela urtebete, liburua plazaratu genuenean, ez nuela aurreikuspenik, ez nuen pentsatzen zelan erantzungo zuten irakurleek, baina hasieratik oso erantzun goxoa, beroa, interesgarria eta txalotua jaso genuen. Pozik nago ausartu izanaz eta inolako emaitzarik espero gabe egin izanaz. Horrela etortzen dira batzuetan ezusteko polit hauek.

-Durangoko Udalak ere harrera berezia eskaini dizu.
-Benetan eskertuta nago, oso polita da norbera hartu duen herriak halako harrera ekitaldia egin izana. Durangora etorri nintzenean, 2010ean, sentimendu berezia sentitu nuen hasieratik. Herri batera heltzen zarenean beste begi batzuekin begiratzen duzu dena, eta liburutegi zaharretik pasatu eta oraindik bonbardaketako markak zeudela fijatu nintzen. Orduan, pentsatu nuen hartu ninduen herriari esker onez liburu bat egin behar niola. Eta halaxe egin nuen, 2013an “Gerrak ez du izenik” argitaratu nuen bonbardaketaren gainean.

-Oraingoan diziplina arteko elkarlana gauzatu duzu. Nola bururatu zitzaizun?
-Egia esan ez zitzaidan niri bururatu. Kukai Dantza taldeko Jon Mayari esker izan zen. Berak ere sari nazionala jaso zuen dantza alorrean 2017an. Deitu eta kontatu zidan eurek dantza egiten dutenean zerbait artistikoa sortzen zutela, baina oholtzatik jaisten zirenean, jada ez zegoela, eta zerbait ukigarria, fisikoa sortu nahi zutela. Orduan, proposamena bota nion: “ausartuko gara gerretan umeak erailtzen dituztela kontatzera?”. David Bernues grabatu zituen Kukai Dantzaren koreografiak, eta Maite Larburu musika jarri zuen.

-Zaila izan zen dena egituratzea?
-Bueno… Idazlearen lana izaten da istorio bat pentsatzea, sortzea, lehengo pauso hori ematea, eta paper batek dena eusten du. Gero, jakina, lanketa bat egin behar da. Orduan, nik zailena eta errazena egin nuen, hau da, ideiak etorri, nire buruan imaginatu, mugimendua, doinua pentsatu…  Baina gero besteek egiten dute dantza, jartzen diote musika, margotzen dute… eta orduan, talde-lan bat da. Elkarlanean gauza ederragoak egiten dira, eta sari bat jasotzen denean, poza ere handiagoa da, poz kolektiboa delako. Nik uste dut hori badela gure herriaren seinale: bakarrik bidea egin dezakegu, baina lagunduta beti hobeto, eta gainera, urrunago hel gaitezke.

“Nik sinesten dut aske izan behar den literatura batea”

-‘Klera’ liburuak gai gordinak jorratzen ditu: gatazka, gerra eta heriotza. Nola planteatu zenituen gai horiek haurren ikuspegitik ulertzeko moduan?
-Umeak oso argiak dira, tabuak helduok eraikitzen ditugu eta transmititzen dizkiegu esanez: “hau ez egin, bestea egin, horrela portatu…”. Nik uste dut haur eta gazte literatura eremu askea izan behar dela, ume irakurlea ume sentitu dadin, baina aske sentitu dadin, eta berak garatu dezan bere kreatibitatea. Hori da hizketan hasten direnean bezala.

Guk umeei hizkuntza bat irakasten diegunean, erakusten diegu nola egin esaldi bat, baina eurek magia egin dezakete ikasten ari diren bitartean, eta batu ditzateke elkartu ezin diren hitzak. Hau da, “argia piztu” esan beharrean, “iluntasuna amatatu” esan dezakete, eta horrela beste mundu bat sortu. Hor askatasuna dago, eta uste dut umeei libreagoak izaten utzi behar diegula, agian horrela gauza berriak eta hobeak sor daitezkeelako.

-Agian horregatik epaimahaiak azpimarratu du “etiketarik gabeko literaturaren adibidea” dela zure lana.
-Bueno, ez dakit… (barre egiten du) Ni txoria naiz, ez ornitologoa. Arantxa Urretabizkaiari entzun nion hori. Nik sortu egiten dut, eta gero eskertzen ditut epaimahaiak esandako hitzak. Nik uste dut ausartu egin behar garela edo behintzat ez beldurtu. Literaturan ez bagara aske, non izango gara?

-Liburuan kultura, bakea eta bizikidetza bezalako balioak agertzen dira. Literatura bide ona iruditzen zaizu balioak transmititzeko?
-Ni ez naiz inor idazle moduan balioak transmititzeko, eta ez nago horren alde. Nik uste dut balioak norberak eraiki behar dituela, eta liburuak irakurtzea oso bide ona dela norberak norbere balioak eraikitzeko. Liburuetan iritzi ezberdinak aurkituko dituzu, ikuspuntu ezberdinak, bizitzaren aurrean paratzeko era ezberdinak, begirada ezberdinak… liburuak irakurtzeak mentalitatea zabaltzen digu, libreago egiten gaitu eta nork bere balioak eraikitzeko erraminta zoragarria da.

-Saria jaso ondoren, nola ikusten duzu zure lanaren etorkizuna?
-Gazteleraz aterako da laster, eta film labur baten proiektua ere badago.

“Hasieratik oso erantzun goxoa, beroa eta txalotua jaso genuen”

-Liburua euskaraz argitaratu da, eta beti euskaraz idatzi duzu. Zer garrantzi du euskal hizkuntzak zure literatura-lanetan?
-Nik euskaraz idazten dut, hori argi dut, lehen hitza euskaraz dudala eta euskaraz eta euskaratik sortzen dudala nire literatura. Gero nire liburuek beste hizkuntza batean bidea egin ahal badute, pozik. Uste dut itzulpenak garrantzitsuak direla, euskaraz ez dakitenek euskaraz sortzen den literatura irakur dezaten. Hemen euskaraz badago merezi duen literatura, eta asko pozten naiz euskal idazleen lanak beste hizkuntza batzuetara itzultzen direnean. Kontua da euskal sortzaileok gero eta irakurle gehiago izatea.

-Zure ibilbidean badaude bi alderdi: poesia helduentzat eta haur-gazte literaturako lanak. Nola uztartzen dituzu bi ildo horiek?
-Hasi nintzen 2006an helduentzako poesia liburu batekin eta haur eta gazte literaturako ipuin batekin. Hala ere, urte batzuk geroago ausartu nintzen poesia egiten haur eta gazteentzat, eta 2016an salto eman nuen. ‘Xomorropoemak eta beste piztia batzuk’, ‘Piztipoemak eta beste xomorro batzuk’, ‘Barruko hotsak eta beste soinu txiki batzuk’ etorri ziren, eta laster beste bat aterako dut haur eta gazteentzat. Baina niri gustatzen zait poesia horretan adinik ez definitzea, 0tik 99ra izan dadila.

Ni poesiaren defendatzailea naiz adin guztietatik. Uste dut besoko umeak direnetik poesia bere bizimoduetan txertatzen hasten bagara, gero helduentzako poema irakurle bihurtuko direla. Txiki-txikitako kantak, aho-korapiloak eta hitzen asmaketa poesia hutsa da. Beraz, ez dezagun hori moztu eta utz diezaiegun hori garatzen, ume horiek heldu sortzaile eta artezaleak izan daitezen.

Zein dira, zure iritziz, haur eta gazte literaturak dituen erronka nagusiak?
-Beti daude espazio berriak arakatzeko, eta nik uste dut hori egin behar duela haur eta gazte literaturak, espazio berriak arakatu beldurrik gabe. Baina, aldi berean, inportanteena da zaharrak ere mantentzea, hau da, tradizio batetik gatoz eta tradizioa mantentzen dena da, klasikoa, irauten duena. Beraz, ikas dezagun zer egin den, zer bihurtu den klasiko, zer den jendeak atsegin duena eta berriak sor ditzagun klasikoak ahaztu gabe.

‘Klera’

Autorea: Leire Bilbao, June San Sebastian (il. )
Argitaletxea: Elkar
Bilduma: Album ilustratua
Edizio data: 2024
Orri kopurua: 48
PVP: 15,50 €
Sinopsia: Gerra baten erdian harrapatua dagoen ume batek zer eskatzen dio bizitzari? Nola hitz egiten dio Heriotzari?
Bizitzari eskutik heldu nahi dion ume baten istorioa duzu honoko hau.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (1 votos, media: 5,00 sobre 5)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados