Atxondoko Udalak jubilatuen egoitza eta ludoteka zerbitzua lizitatzeko lehen pausoak eman ditu. Nagusiek erabiltzen duten azpiegitura amaitu berri dute 48.000 euroko inbertsioa egin eta gero, ”laster aterako dute zerbitzua lizitaziora”, Udal arduradunek adierazi dutenez.
Toki horretan egindako hobekuntzen artean, “irisgarritasunari buruz indarrean dagoen araudiari egokitzea eta neurri zuzentzaileak ezartzea, tabernaren jarduerak ez dezan inolako eragin gogaikarri edo kaltegarririk eragin tabernaren ingurunean”, nabarmendu dute.
Gainera, kanalizazio elektrikoak, iturgintzakoak, kanpoko arotzeriakoak eta aireztapen instalaziokoak berritu dira, sukaldea egokitzeaz gain.
“Oso beharrezkoa zen Udal espazio hau egokitzea, instalazio guztiak eguneratuz, oso hondatuta zeudelako eta ezinbestekoa zelako inbertitzea, laster segurtasunez irekitzeko behar ziren lizentziak lortzeko», adierazi du Xabier Azkarate herriko alkateak.
Ludoteka
Udalak, bestalde, lizitaziora atera du ludotekaren kudeaketa zerbitzuaren kontratazioa. Kontratua datorren abenduaren 1etik 2023ko uztailaren 30era arte luzatuko da eta eskaerak aurkezteko epea azaroaren 16ra arte egongo da zabalik. Kontratuaren aurrekontua 9.917,28 eurokoa da, BEZik gabe.
Zerbitzua astelehenetik ostiralera irekiko da, arratsaldeko 16:30etik 18:30era, eta pertsona edo erakunde esleipendunak espazioa kudeatu eta dinamizatu beharko du. Horretarako, bertaratzen diren haurren adinarekin eta premiekin bat datorren jarduera-programa bat proposatuko du.
Lizitazioari buruzko informazio guztia esteka honetan kontsulta daiteke.