Maristak Durango
FP Zornotza
UNI Eibar Ermua
Ibiliaz Ezagutu Amorebieta

“Askotan pentsatzen dugu: zergatik sartu gara zoramen honetan?”

Ilustrazioa, abentura, irudimena eta itsas-erronkak uztartzen dituen proiektu berezi batean murgilduta dago Eider Eibar ilustra­tzaile zornotzarra. Iskander Sagarminaga igerilariarekin batera, Kokolulu izeneko espedizioa burutzen ari da Hawaiin. Bertan, Zazpi Itsasoak (Oceans Seven) nazioarteko erronkako laugarren itsas-zeharkaldia egingo dute, hau da, Ka‘iwi kanala zeharkatzen saiatuko dira, munduko itsas- erronka gogorrenetako bat: 42 kilometroko tartea olatu erraldoi, korronte indartsu, marmoka pozoitsu eta marrazoen artean.

Baina bidaia ez da soilik kirol balentria bat: Kokoak proiektuaren baitan, sormenak eta irudimenak ere leku nagusia hartuko dute. Izan ere, koko misteriotsuen bila joango dira, eta abentura narratibo eta bisuala sortuko dute.

Sare sozialen eta kokoak.eus atariaren bidez, eguneroko kontakizuna zuzenean zabal­tzen ari dira, publiko zabala bidelagun. Nahiz eta Bilbon hazi, sortzaileak lotura estua du Zornotzarekin, eta samurtasunez gogoratzen da bere amama zenaz. Durangon ere horma-irudi nahikotxo ditu, eta Arteka liburutegian ia urtero erakusketa antolatzen du.

Orain, Hawaiin bizitzen ari den esperientzia osoa marrazki eta irudien bitartez konta­tzen ari da. “Itsas-zeharkaldia betetzeko aukera izatea, egin ahal izatea, jada oparia da”, dio abenturazaleak.

-Kokolulu abenturan murgilduta zaudete hilaren 25etik Hawaiin. Koko berriak aurkitu behar dituzue, eta bide batez, Ka‘iwi kanala zeharkatuko duzue, Ozeano Barean dagoen 42 kilometroko tartea.
-Hala da, bai. Hegazkina hartu genuenetik hasi gara gure abentura saretzen kokoak.eus webgunean eta @kokoakgara sare sozialetan. Guztira, proiektuak lau aste iraungo du. Iskanderren erronka baliteke maiatzaren 1etik 8ra izatea. Hango kapitainak aste hori eman digu, eta aste horretan egun posible bat aterako balitz, eguraldiak uzten duelako, egun horretan saiatuko ginateke itsas-erronka egiten. Bitartean, koko desberdin bat aurkitzen saiatuko gara astero.

-Oraingo erronka ez da batere makala. Iskanderrek 42 kilometro egin beharko ditu 15 ordutan, 24-27 ºC inguruko uretan, 700 metroko sakonerako itsa­soan. Eta zailtasunak ez dira nolanahikoak (olatu erraldoiak, korronte indartsuak, marmoka pozoitsuak eta marrazoak…) Kanpotik izugarri arrisku­tsua ematen du…
-Bada, bai. Oso arriskutsua izango da, oso gogorra eta luzea. Arrisku pilo bat dauzka; berak badaki. Horregatik, munduan ehun pertsonak baino gutxiagok lortu dute erronka hau betetzea. Ni Iskanderren alboan egongo naiz txalupan, ordu erdiro elikatu beharko dut eta ondo dagoen egiaztatu beharko dut.

-Dagoeneko hiru kanal historiko gainditu dituzue, eta laugarren honen bidez Zaz­pi Itsasoak (Oceans Seven) izeneko nazioarteko erronka gogorraren beste mugarri bat lortu nahi duzue.
-Bai, helburua Zazpi Itsa­soak betetzea da, eta badakigu apurka-apurka joan behar garela. Gainera, nazioarteko erronkaren arautegi zorrotza bete behar dugu, esaterako, Iskanderrek bainujantzi hutsean igeri egin behar du, ezin du inoiz txalupa ikutu, ezin da gelditu, ezin du erlojurik ezta antzeko gailurik eraman… Dena oso kontrolatuta dago, eta hori guztia betetzen ari dela ziurtatzeko epaile bat etorriko da gurekin txalupan.

-Familiak zer esaten dizue?
-Nik uste dut emozio nahaste handia sentitzen dutela gure senideek. Batetik, beldurrarekin eta urduri daude, eta bestetik, pozik daude nahi duguna lortzen ari garelako. Gainera, erronkaren egunean, itsas-zeharkaldia burutzen dugunean, track bat lortzen dugu, eta horri esker, gure familiak zuzenean jarraitu ahal izan du proba beti. Oraingoan mundu guztiak ikusi eta jarraitu ahal izango du, web-orrian zabalduko dugulako.

-Zuentzat zer da gogorrena?
-Itxaronaldiak. Aurrekoan, Ipar Irlandan, hilabete osoa itxaron behar izan genuen egun apropos baten zain. Bertako kapitainak ematen digu noiz den egunik onena itsas-zeharkaldia egiteko, eta horregatik, aurreko erronka burutzea asko kostatu zitzaigun. Behin kapitainak aukera ematen digunean, Iskanderrek erronka gainditzea lor­tzen du. Oso igerilari gogorra da eta zintzoa ere bai, une oro esaten du nola dagoen, eta horrek asko laguntzen digu txalupan goazen guztioi.

-Inoiz pentsatu duzue “zergatik sartu gara zoramen honetan”?
-Erronka bakoitzean eta hainbatetan! (barre egiten du) Itsas-zeharkaldiaren eguna dakigunean, kapitainak “bihar izan daiteke” edo “etzi aterako zarete” esaten digunean, aurreko gauean minuturo pen­tsatzen dugu: “zer egiten dugu hemen? zergatik? zertarako?” Baina txalupara igotzen garenean, poz ikaragarria sentitzen dugu. Erronka betetzeko aukera izatea, egin ahal izatea jada oparia da. Izugarrizko lana dago atzetik; izan ere, gure bizitza osoa dago proiektu hau lortzea bideratuta.

-Zeuretzat ere erronka handia da. Iskanderren laguntzailea izateaz gain, marrazkiak eta bideoak egin beharko dituzu.
-Bai, erronka osoa hegazkina hartzen dugunetik hasten da. Gu kokoen bila goaz erronka hauetara. Aurten Pō, Kea, Pua eta Kai kokoak aurkitu behar ditugu, eta horiek bilatzeko abentura guztia kontatuko dugu. Egunero edukiak argitaratuko ditugu sare sozialetan eta web-orrian: zer egiten dugun, zer aurkitzen dugun, zer animalia berri ezagutzen dugun, zein hondartzatan entrenatzen den Iskander, nik guztia nola marrazten dudan… Nik egunero marraztuko dut eta edukiak zabalduko ditut.

Gero, erronkaren egunean, Iskanderrek itsas-zeharkaldia egiten duen bitartean, bera elikatu eta zaintzeaz gain, bideoak grabatuko ditut 360 kamerarekin, dronearekin eta abar, eta hori guztia igo internetera. Orduan, erronka egunean tartetxo gutxi ditut marrazteko. Marrazki arinak izaten dira, baina oso bereziak. Adibidez, Kalifornian bale bat agertu zen eta hura marraztu nuen, marrazo bat ere bai.

-Hilabeteak ikertu ostean, kokoak aurkitzeko pista nahikotxo bildu dituzue.
-Bai. Guk aztertzen dugu mundutik zehar non egon daitezkeen kokoen pistak. Lehenengo zazpi kokoak marrazkietan agertu ziren zulotxo batzuetatik atera ziren, eta hortik sortu genuen unibertso guztia. 2024an Pamiela argitaletxearekin Kokoak album ilustratua argitaratu nuen. Iaz hiru erronka burutu genituen eta beste hiru koko aurkitu genituen eta oraingoan lau koko aurkitzea espero dugu. Pista batzuk bildu ditugu eta ziur gaude hango jainko eta jainkosa mitologikoekin harremana izango dutela.

-Eta zer-nolako pistak dituzue?
-Beren izenak aztertuz, nahiko ziur gaude non egon daitezkeen. Lehenengo astean itsas-nabigazio izarren irakurketa-sistema aztertu nahi dugu, eta hor Pō kokoa -Pō gaua da hawaieraz- aurkitzea espero dugu, Gina jainkosarekin, ilargiaren jainkosarekin, harremana daukana. Bigarren astean, Islanderren itsas-zeharkaldia izango da, eta Moloka´i kanalean Kai kokoa aurkitzea espero dugu -Kai itsasoa da hawaieraz- eta gainera, Iskanderrek erronka bukatzen duen tokian Koko kraterra dago. Beraz, ziur gaude kokoekin harreman zuzena duela leku horrek.

-Eta Pua eta Kea non egotea espero duzue?
-Puak lore forma daukanez, aterik gabeko helikoptero batera igoko gara, eta goitik grabatu eta bilatu dugu hango baso eta landa artean. Eta Kea aurkitzeko

Mauna-Kea sumendira igoko gara, berez, mendirik altuena da itsasotik neurtzen hasiz gero. Han aurkitzea espero dugu Pele sumendiaren jainkosarekin batera.

Kokoak.eus-en oso material baliagarria eta dibertigarria eskaintzen duzue doan eta gainera, euskaraz.
-Zortzi urte daramatzagu jo ta su, eta den-dena arreta handiz prestatzen dugu. Marrazkiak egiteko ereduak, bideoak, web-jokoak, euskarazko sticker animatuak daude, eta erronketan material pilo bat sortzen dugu. Oraingoan, irudi zoragarriak grabatuko ditugu, eta hor egongo dira erabiltzeko. Horrez gain, Hawaierak euskararekin loturak dituela aurkitu dugu, eta hori ere aztertu nahi dugu. Jendea harritu egiten da gure materiala ikustean, adibidez, mugimuki stickers animatuek 180 milioi bisita izan dituzte dagoeneko.

-Kokoak proiektuak badu mezu inpliziturik?
-Bai, nire helburua beti izan da haurrek ikustea marrazkigintza bizimodu bat izan daitekeela, honetatik bizi daitekeela, eta ez dutela utzi behar. Eta kirol-erronka hauen atzean nik uste dut mezu asko daudela: batetik ikusten dituzte bi pertsona “heldu”, zorotxo batzuk moduan, mundutik abiatzen garela kokoen bila, marrazkien bitartez, kirolaren bitartez, eta hori dela gure bizitzeko era. Bizimodu hori posible dela haurrengana iristea oso garrantzitsua da.

-Kokolulu abenturaz gain, zu beste mila saltsatan sartuta zaude.
-Kokoak proiektuak nire bizitzaren denbora handia hartzen du, baina ilustratzaile moduan hainbat lan egiten ditut: liburuak, diseinu-lanak eta animazio-piezak.

Esaterako, Itxaso Martin idazlearekin batera egiten ari naizen Mati bilduma oso arrakastatsua izaten ari da, eta buru-belarri ari gara horretan. Gainera, Juul hauteskundeetan Euskal Herriko 15 mila umek aukeratu dute Mati libururik gogokoena, eta neu 16. aldiz aukeratu naute ilustratzailerik onena. Pozarren nago eta oso eskertuta!

-Zornotzan jaio zinen. Zer-nolako eragina izan du Durangaldeak zugan?
– Ni Bilbon hazi naiz, baina familia zuzena eta lagunak Zornotzan ditut. Amamarekin, bereziki, askotan egoten nintzen herrian. Durangorekin lanak lotu nau. Nire horma-irudi asko daude bertan: oktogonoan, musika-eskolan, Bixenta Mogel liburutegian… Ia urtero, gainera, Arteka liburudendan erakusketa bat egiten dugu.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados