‘Askatasuna’ hizpide duen 2019ko Hitzez eta Ahotsez ekimenak, lehen solasaldi dialogikoa egingo du otsailaren 14an, arratsaldeko 17:00etan, Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan. Egun horretarako lau egilek idatzitako testuak proposatzen dituzte.
Hitzez eta Ahotsez ekimenaren sustatzaileek, Gabriel Arestiren ‘Apur dezagun katea’, Joseba Sarrionandiaren ‘Habanako arbola’, Lev Tosltoiren ‘Hadji-Murat’ eta Mari Luz Estebanen ‘Amaren heriotzak libreago egin zuen’ testuak irakurtzea proposatu dute ekitaldirako.
Solasaldi egunerako testuak irakurri eta beraietako bakoitzean atentzioa emandako zerbait azpimarratu, markatu edo testuaren alboan komentarioren bat idaztea aholkatzen dute.
Irakurleak egindako aukeraketaren arrazoia berdin dio zein den. “Izan daiteke pertsonaiak ezagutzen duzun norbait gogoraraztea, izan daiteke gertatutakoa zeuk bizi izana, izan daiteke ahapaldi bat benetan ederra iruditzea… zeurea da aukera!”, sustatzaileen esanetan.
Otsailaren 14ko ekitaldian, taldekideetako bakoitzak zein zati aukeratu duen eta zergatik adieraziko du. Honek hizketarako bidea emango du eta bideratzailearen laguntzaz testuaren esanahia edota zentzua osatzen saiatuko dira bakoitzaren aukeretatik abiatuz.
Hitzez eta Ahotsez ekimena garatzen dutenekin harremanetan jartzeko hitzezetaahotsez@gmail.com posta elektronikoa zein Facebookeko Hitzez eta Ahotsez profila erabili daitezke.