Elorrioko Musikaire jaialdiko ekitaldiak Aldatsekuako lorategian eskainiko dira asteburu honetatik aurrera eta gaur eta bihar izango diren agerraldietan eskualdeko bertsolariak eta Rodeo taldearen kontzertua izango dira hurrenez hurren.
Miren Amuriza berriztarrak, Iruri Altzerreka garaitarrak, Txaber Altube abadiñarrak eta Gorka Pagonabarraga durangarrak gaur, iluntzeko 20.00etan hasita eskainiko duten bertso saioko gai-jartzailea Amaia Ugalde izango da.
Elorrioko ekitaldia irailean hasiko den 2020ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa prestatzeko balioko die lau bertsolariei. Izan ere, Altzerreka eta Pagonabarraga ‘Udabarria bertsotan’ deituriko sailkatze saioan hasiko dira lehiatzen. Altubek kanporaketa fasean hasiko du txapeleketa eta Amurizak finalaurrekoan.
Rodeo talde gipuzkoarrak zapatuan eskainiko duen agerraldia ere 20:00etan hasiko da. Zestoan sortutako laukoteak Mikel Illarramendi (gitarra eta ahotsa), Ortzi Alberdi (gitarra), Beñat Subinas (baxua) eta Oroitz Urbieta (bateria) batzen ditu eta ‘stoner rock’ doinuak lehenesten dituzte.
Kyuss taldearen influentziaz bustirik, 2014an hasi zen laukotearen ibilbidea eta maketa bat grabatu ondoren, 2017ko martxoan argitaratu zuten taldearen izenburua duen lehen disko luzea. 2018ko abenduan ‘Dilmun’ izeneko bigarren disko luzea argitaratu zuten eta aurten ‘Ezherrian’ EPa kaleratu dute.