Zornotzako Armendola Kultur Elkarteak Agate Deuna egunaren bezpera ospatuko du “aurreko urteetan bezala”, nahiz eta Covid-19ak sortutako pandemiak baldintzatuta “koplak etxetik abestera” animatzen ditu herritarrak.
Agate Deunaren omenezko koplak otsailaren 4an abesten dira. Hori dela eta “Armendola Kultur Elkarteak ekitaldi bat antolatzen du herriko abesbatza ezberdinekin koplak abesteko”, adierazi dute taldeko kideek. Baina pandemiagatik hartutako osasun neurriak direla eta ezinezkoa da kalez kale ibiltzea ohikoa den bezala.
Horregatik, herritarrei gonbidapena luzatu diete aurtengo “koplak etxetik” abesteko, eta egueneko ekitaldirako egin duten kartelean QR kode bat tartekatu dute. Esteka horren bidez “Amorebieta-Etxanon abesten zan kopletako bat deskarga daiteke”, Armendolakoek adierazi dutenez.
Deskargatu: agate-deuna.mp3