Maristak Durango
Berrizko Udala
Grupo Ortasa Abadiño
Zaldibarko Udala

“Udabarri osatu dugun pertsona askorekin berriro elkartzea oso berezia izan da”

1966an, frankismoaren urte gogorretan, euskal kultura sustatzeko asmoz sortu zen Udabarri. Hasieran lore txiki bat izan zen, baina sei hamarkadaren ostean, sustrai sakonak dituen zuhaitz sendoa da. Zornotzako dan­tza taldea 60. urteurrena ospatzen ari da urten, eta Zelaietako frontoian egindako ospakizuna aitzakia izan da urte hauetan guztietan taldearen parte izan diren ehunka lagun berriro elkar­tzeko. “60 urtera heltzeko, bidean lagundu diguten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu urteurren borobil honetan”, adierazi dute.

Ospakizun nagusian belaunaldi ezberdinetako 200 bat dantzari aritu ziren, taldearen lehenengo dantzetan ibili zirenak, baita gaztetxo hasiberriak ere. “60 urte betetzea berezia izan da, baina urte hauetan guztietan Udabarri osatu dugun pertsona askorekin berriro elkartzeko aukera eduki izana, askoz gehiago”, nabarmendu dute Udabarritik. Adierazpenak ondo laburbiltzen du taldearen historia: dantzaz harago doan komunitate baten historia.

Udabarri hirurogeiko hamarkadan sortu zuten hainbat zornotzarrek, euskal folklorea, musika eta tradizioak herrian sustatzeko helburuarekin. “Gaur egun normaltzat hartzen ditugun euskal kulturako ohitura eta ospakizun asko ekarri zituen herrira, esa­terako, Santa Ageda, Olentzero, nekazarien azoka eta abar. Lan handia egin du taldeak euskal kultura zabaltzeko eta mantentzeko”.

Taldearen lehen urteak ez ziren samurrak izan, garai hartan euskal kultura erabat baztertuta baitzegoen. Hala ere, ilusioak eta konpromisoak aurrera egitea ahalbidetu zuten. Sortzaileak gogoratzeaz gain, bigarren lerroan egonda ere, taldea aurrera egiten lagundu dutenak nabarmendu nahi dituzte aurten bereziki. “Bigarren lerroan jende asko eta asko egon da babesa ematen, esaterako, gaur egungo jantzi asko hainbat zornotzarrek josi zituzten euren etxeetan duela 50 urte”.

Urteek aurrera egin ahala, Udabarri herriko kultur erreferente bihurtu da. Dantza talde bat baino gehiago izan da: aisialdirako gunea, topalekua eta belaunaldien arteko transmisiorako espazioa. Taldearen historiatik igaro diren pertsonen kopurua neurtzea zaila bada ere, belaunaldi askoren bizitzaren parte izan dela ukaezina da. Izan ere, behin baino gehiagotan adierazi dutenaren arabera, “zorno­tzarren erdiak baino gehiagok” izan dute nolabaiteko harremana taldearekin urte hauetan guztietan.

Larrain dantza

Urteurrenaren harira, urte osorako egitaraua prestatu dute. Larunbat eguerdian Larrain dantza egingo dute herriko plazetan, herritarrei irekita. Gainera, urtero legez, uztailaren 16an, Karmen Egunean, ume, gazte zein heldu bilduko dira Larrean elkarrekin dan­tzatzeko, eta herriko jaietako euskal erromeria ere egingo dute. Irailaren 19an, larunbatean, goizean kalejira egingo da, ondoren herri-bazkaria, eta bazkalostean jaialdia izango da, Patxi eta Konpainia taldearen eskutik. Azaroan, dantza-ikuskizun berezi batek emango dio amaiera urteurreneko programari.

Taldearen esanetan, ospakizuna ez da soilik iraganari begiratzeko aukera izan; etorkizunera begiratzeko ariketa ere bada, eta etorkizunaz hitz egitean, erronkak hor daude. Belaunaldi berrien parte-hartzea da kezka nagusietako bat. Taldeko arduradunek argi adierazi dute euskal dantzek gazteentzat erakargarriak izaten jarraitu behar dutela, kirol eta bestelako aisialdi eskaintzen artean garrantzirik ez galtzeko. Hala ere, urteurreneko irudiek erakutsi dute erreleboa egon badagoela. Gainera, “doan irakasten ari­tzeko monitoreen beharra” azpimarratu dute, baita “inguruko dantza taldeen arteko sarea indartzeko nahia ere”.

60. urteurrena ospatzea ez da soilik talde baten iraupena ospatzea. Sei hamarkadatan ehundutako harreman sare bat balioan jartzea da, hau da, herriko historiaren zati bat nabarmentzea, eta batez ere, 1966an sortutako udaberri hark oraindik ere loratzen jarraitzen duela egiaztatzea.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados