Garaiko Udala
Maristak Durango
Jan Alai Burger
FP Zornotza

10 urtez ametsa egia bihurtzen Durangon

2014an abiatu zen apaltasunez, baina helburu argi batekin: irakurleak euskal literaturara erakartzea eta euskarazko liburuen irakurketa sustatzea. Hasierako asmo horri beste bi ildo gehitu zitzaizkion: ahozkotasunari garrantzia ematea eta literatura komunitatean bizitzea.

Ordutik, Hitzez eta Ahotsez ekimenak bide propioa egin du Durangon. Urtez urte, egitasmoa sendotuz joan da, eta gaur egun herritarren parte-hartzean oinarritutako kultur topagune bihurtu da, literaturaz harago doan esperientzia kolektibo bat eskainiz. “Guk jendea euskal literaturara hurbiltzea nahi genuen; hori zen gure erronka, ametsa eta nahia”, adierazi du Marisa Barrena ekimenaren sortzaileetako batek.

Hitzez eta ahotsez egitasmoak amets bat du sorburu. Barrenak berak hedabide honetan 2013an idatzitako ‘Ametsetan’ zutabean azaldu zuenaren arabera, artikulua idatzi baino egun batzuk lehenago Bilbo Zaharrak antolatutako klasikoen 6. irakurketa jarraituari buruzko berriarekin lokartu zen, eta berri hori dastatzearen eraginez edo, amets egin zuen Durangon ere klasikoen irakurketa antolatzen ari zirela. “…akordetan naiz idazlea aukeratzea erraza suertatu zaigula. Sarri aukeratu dugu lehen irakurketarako. Azkar adostu dugu… Hartan horretan izartu egin naiz, eta pentsatu dut amets hori gauzatzea ez litzatekeela hain zaila izango. Plateruena edo San Agustin leku aproposak dira horretarako… Antolatuko dugu?”, bota zuen erronka artikulu hartan bertan.

Orduan, sei literaturazale batu ziren, eta ametsa egia bihurtzeari ekin zioten. “Lehenengo urtean urduri geunden, jendearen erantzuna nolakoa izango zen ez genekielako. Gainera, gauza berria zen guretzat eta ez genuen azpiegitura handirik hori antolatzeko, ez gara elkarte bat. Baina lehenengo edizioa bukatutakoan jendeak animatu gintuen hurrengoak antolatzera, eta ‘Hitzez eta ahotsez’ ilusioz egiten dugun gauza bat da”, aitortu du Barrenak.

Euskal literatura bultza­tzea eta herritarrak euskaraz irakurtzera animatzea izan zen lehenengo helburua, baina ahotsari ere garrantzia ematea erabaki zuten. “Pen­tsatu genuen ahozkotasunari ere indarra eman behar zitzaiola. Egunero baliatzen gara ahotsaz.
Horregatik, uste dugu ida­tzitakoa ahotsez kontatzeak garrantzia duela, gainera gure historian ahozkotasunak garrantzi handia izan du. Horregatik, jarri genion ‘Hitzez eta ahotsez’ izena, idatzia eta ahotsa, biak eta biak, gure ustez, garrantzitsuak direlako eta lotura hori egin nahi genuelako”, azpimarratu du sortzaileak.

“Guk jendea euskal literaturara hurbiltzea nahi genuen; hori zen gure erronka, ametsa eta nahia”

Hasierako urte haietatik hona, ekimenak bilakaera izan du, baina oinarrian ideia bera mantendu da: literatura partekatzeko espazio bat sortzea. Urteroko irakurraldietan, edonork parte har dezake, eta horrek izaera berezia ematen dio egitasmoari. Parte-hartzaileek testu propioak edo bai eurek, bai antolakuntzak aukeratutako pasarteak irakurtzen dituzte, eta horrek saioa esperientzia kolektibo bihurtzen du, entzule eta irakurleen arteko muga lausotuz. Ahozkotasunak, gainera, dimentsio berezia ematen dio ekimenari. Testuak ez dira soilik irakur­tzen; entzun egiten dira, eta horrek bestelako harremana sortzen du literaturarekin.

Partekatzeak testuei beste bizitza bat ematen die, eta publikoak modu aktiboagoan hartzen du parte. “Gaur egungo gizartean ohituta gaude dena jasotzen, eta ondorioz, pasibotasunetik aktibotasunera pasatzea ere beharrezkoa da. Norberak bere minutu bi izatea mikrofono baten aurrean zerbait konta­tzeko garrantzitsua da, eta partehar­tzaileek eskertzen dute, nahiz eta hasierako unean beldurtu mikrofonora hurbil­tzen direnean. Gainera, urduritasun hori gainditzea ere bada erronka bat”, azpimarratu du Barrenak.

Aurtengo edizioa, gainera, hamargarrena izanda, berezia izango da. Bi urteko etenaren ondoren, indarberrituta itzuli da ekimena, eta egitarau berezia prestatu dute. Apirilaren 16an, Zugaza zineman, ‘Ez gera alferrik pasako’ Lourdes Iriondori buruzko dokumentalaren emanaldia antolatu dute, Gerediaga Elkartearekin batera. Barrenaren esanetan, “azken Durangoko Azokan eskaini zen, baina asko ikusi barik geratu ginen”.

Beraz, aukera aproposa iruditu zaie berriro proiektatzea eta bide batez, sortzailearen lana nabarmentzea. “Abeslaria izateaz gain, idazlea ere izan zen, testu ederrak idatzi zituen, eta erreferentea izan zen euskal musika eta literaturan, nahiz eta batzuetan ahaztuta eduki dugun”, nabarmendu du. Ondoren, Inge Mendioroz Ibañez zuzendariarekin eta Idoia Garzes Aldazabal gidoilariarekin solasaldia egongo da. Barrenak dioenez, bere garaikoek Lourdes Iriondo ezagutu zuten, baina, bere ustez, “aberasgarria” izango da gazte hauei azaltzen entzutea “zerk eraman dituen dokumentala egitera”. Sarrerak 3 eurotan egongo dira eskuragai Zugazan apirilaren 1etik aurrera.

Errepasoa eta aldarrikapena

Horrez gain, maiatzaren 15ean irakurraldi berezia egongo da Plateruenan arra­tsalde osoan, musikari, ber­tsolari, abeslari, antzerkigile, dantzari eta abarrek girotua. Aurreko edizioetan erabilitako gaien errepasoa egingo da, hau da, urtez urte, gai desberdinak landu dituzte: Sarriren unibertsoa, itsasoa, Durangaldeko idazleak, bidaia, lurra, askatasuna, maitasuna, ame­tsak eta umorea.

Gai horien bidez, literaturaren eta eguneroko bizitzaren arteko zubiak eraiki dituzte. Aurtengo edizioan, hain zuzen, aurreko urteetako gaiak berreskuratzea erabaki dute, blokez bloke. Hala ere, errepasoa egiteaz gain, “aldarrikapena ere” egongo da, eta gaur egungo egoerarekin lotutako beste zertzelada batzuk ere txertatuko dira, adibidez, etorkinak, erbesteratuak eta memoria, besteak beste.

Gainera, ‘Hitzez eta ahotsez 10 urtez’ izeneko tarte berezi bat ere izango da, sortzaileek euren lanak irakurtzeko denbora gehiago izan dezaten. “Hori izan da beti zailtasuna, denboraren kudeaketa. Beraz, irakurle bakoitzak bi minutuko tartea izango du, eta sortzaileak amaierarako u­­tziko ditugu, horrela denbora gehiago eskaini ahal izango diegu inoren txanda atzeratu gabe”, azaldu du antolatzaileak.

Plateruenara itzultzea ere keinu esanguratsua da antolatzaileentzat, hasierako urteetako espaziora bueltatzea baita. Lekuak, kasu honetan, badu sinbolismoa: ekimenaren lehen urratsak gogora ekartzen ditu, eta, aldi berean, gaur egungo komunitatea berriz elkartzeko aukera eskaintzen du. Irakurraldirako izen-ematea zabalik egongo da apirilaren 13ra arte. Aurreko urteetan legez, Imanol Larrinaga Larrañagak sortutako ekimenerako kartelean informazio guztia egongo da ikusgai Durangoko bazter askotan.

“Norberak bere minutu bi izatea mikrofono baten aurrean zerbait kontatzeko garrantzitsua da”

Kokapenaz eta sortzaileen tarte bereziaz aparte, beste aldaketa batzuk ere izan ditu herri ekimenak. Barrenak, lehendabizi, “joan direnak” gogoratu nahi izan ditu. “Guk irakurtzen gogoratzen ditugu, eta oso une hunkigarria bizi izan genuen haien irudiak proiektatu genituenean”, ekarri du gogora. Horrez gain, aurreko edizioan hitanoari lekua eman zioten eta aurten ere hika entzun ahal izango da irakurraldian.

Hamarkada bateko ibilbidea ospatzea ez da ohikoa herri-ekimen batentzat, eta horrek badu bere meritua. Urte hauetan zehar, egitasmoak bere tokia egin du Durangoko kultur aisialdian, eta herritarren parte-hartzea izan da bere indargune nagusia. Etorkizunari begira, erronkak hor daude: parte-hartzea mantentzea, belaunaldi berriak erakartzea eta ekimenari jarraipena ematea. Hala ere, jarraipenari dagokionez, antolatzaileek argi dute “betiko moduan, 10. edizioaren biharamunean” erabakiko dute zer egin.

Egindako ibilbideak, dena dela, erakusten du badagoela oinarri sendo bat, eta komunitateak berak ematen diola zentzua egitasmoari. Hasierako helburua irakurleak euskal literaturara erakartzea bazen, gaur egun ‘Hitzez eta ahotsez’ ekimenak hori baino gehiago eskaintzen du: topagune bat, partekatzeko espazio bat eta komunitate bat. Hi­tzak ahotsez partekatzen diren bitartean, egitasmoak bizirik jarraituko du.

Hamargarren edizioak, beraz, ospakizunetik harago, ibilbide baten aitortza ere badakar, eta, aldi berean, etorkizunerako abiapuntu bat da. Izan ere, hamar edizio hauetan erakutsi dutenez, amets batetik abiatuta ere, posible da egia bihurtzea.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados