Dendak Bai
Azoka Idiomas Durango
Maristak Durango
Bvrns Academy Durango

Bizenta Mogel liburutegiak sormen eta irakurketa proposamenekin hasiko du ikasturtea

Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekak 2026-2027 ikasturterako jarduera-programazio berria aurkeztu du. Proposamenak irakurle-taldeak, tailerrak, ikastaroak eta elkarguneak biltzen ditu, eta helduei, haurrei eta familiei zuzenduta dago. Jarduerak irailean hasiko dira eta, proposamen bakoitzaren arabera, ekainera arte luzatuko dira, irakurketara, sormenera, hausnarketara eta ezagutzaren dibulgaziora hurbiltzeko hainbat aukera eskainiz.

Helduentzako proposamen zabala

Helduentzako programazioak literatura, sormena, pentsamendua, musika eta zientzia-dibulgazioa uztartzen ditu, irakurketak partekatzeko, iritziak trukatzeko eta kultura zein ezagutza ulertzeko modu desberdinetara hurbiltzeko jardueren bidez.

Irakurle-taldeek leku nabarmena dute programazioaren baitan. Horien artean daude “Esker onez”, “Miércoles de club”, “Los cómics a través del mundo”, “Escritoras al natural” eta “Pedagogiaren harietatik”; askotariko generoak, egileak eta gaiak lantzen dituzte, irakurketa partekatua eta solasaldia ardatz hartuta.

Literaturak ikuspegi zehatzagoetatik ere izango du tokia. Horren adibide dira “Lisistratatik, Porno vs Afroditara: antzerkia maitasun ekintza bat da”, antzerkiari eskainitakoa; “Emakume afroamerikarren literatura”, XIX. mendetik gaur egunera arte emakume afroamerikarrek literaturari egindako ekarpena aztertzen duen ikastaroa; eta “Dímelo hilando”, irakurketa eta ehungintza hitzaren, hariaren eta eskuzko sorkuntzaren bidez lotzen dituen proposamena.

Sormenak eta hausnarketak ere izango dute beren lekua “Ocho poetisas en tu vida” proposamenarekin, literatura abiapuntu hartuta adierazpide desberdinekin esperimentatzeko sormen-laborategiarekin; “Filosofía en diálogo”rekin, gai filosofiko eta existentzialen inguruko eztabaida-klubarekin; eta “Lecturas conscientes”ekin, adimen emozionalari lotutako irakurketa-proposamenarekin.

Programazioak zientziarekin eta dibulgazioarekin lotutako jarduerak ere jasotzen ditu. “Zerura begira: astronomiaren hastapena” astronomiara hurbiltzeko aukera izango da; “Zientziaren ertzetik”, berriz, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak dinamizatuta, gaurkotasuneko zientzia-gaiak herritarrengana hurbilduko ditu hitzaldi-solasaldien eta adituen zein herritarren arteko elkarrizketa-guneen bidez.

Musikak ere izango du bere tartea “El club del LP” proposamenarekin. Rockarekin eta soularekin lotutako diskoak entzun eta aztertzeko jarduera izango da, eta lanen entzunaldia, testuinguruan kokatzea eta parte-hartzaileen arteko iritzi-trukea uztartuko ditu.

Gazteentzako romantasya ardatz duen irakurle-taldea 

Programazioaren berritasun gisa, Bizenta Mogel Bibliotekak “Erreinuen ataria” proposamena gehitu du, 14 urtetik gorako gazteei zuzendutako irakurle-taldea, fantasia eta amodioa uztartzen dituen romantasy generoan murgiltzeko.

Ainhoa Aldazabal Gallasteguik dinamizatuta, taldeak genero horretako hainbat lan ezagutzea, haien mundu magikoetan murgiltzea eta irakurketek sortzen dituzten galderak, emozioak eta ikuspegiak partekatzea proposatzen du. Irakurtzearen plazera solasaldiarekin eta gazte irakurleen arteko esperientzia-trukearekin uztartzen du egitasmoak.

Irakurle-taldea urritik martxora garatuko da, eta besteak beste, Sarah J. Maasen Corte de rosas y espinas, Jane Austenen Sentido y sensibilidad, Adrienne Youngen Fable, Paula Gallegoren Todas las criaturas oscuras, Lauren Robertsen Powerless eta Ana Pessoaren Mary John lanak irakurriko dira.

Haurrentzako eta familientzako jarduerak

Bizenta Mogel Bibliotekak haurrei eta familiei zuzendutako programazioa ere prestatu du, adin desberdinetara egokitutako proposamenekin. Helburua da irakurketa, sormena eta ezagutza haurtzarotik eta familian lantzea.

Haur txikienentzat “Azalerako ipuinak” proposatu da, 0 eta 3 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzendutako tailerra. Ipuinak, poemak, abestiak, jolasak eta masajea erabiliko ditu komunikaziorako eta lotura afektiboa lantzeko tresna gisa. Bestalde, “Liburuen poltsa” 3 eta 8 urte bitarteko haurrei eta haiekin doan heldu bati zuzendutako familia-irakurle taldea da, eta hainbat baliabide erabiliko ditu irudimena sustatzeko eta liburuetara hurbiltzeko.

9 eta 12 urte bitartekoentzat, “Berba parranda”k liburuetatik sortutako istorio, pertsonaia eta gaien inguruan irakurri eta hausnartzeko gunea proposatzen du. Horrekin batera, haurrei zuzendutako programazioak esperimentazioarekin eta ezagutzarekin lotutako jarduerak ere jasotzen ditu: “Unibertsoan barrena”k zientzia eta unibertsoa jakin-minetik eta esperimentaziotik hurbilduko ditu; “Galdera handien kluba”n, berriz, galdera handiak elkarrizketaren, ipuinen, artearen eta jolasaren bidez landuko dira.

Horrez gain, sormenari eta belaunaldien arteko parte-hartzeari irekitako proposamenak ere izango ditu bibliotekak. “Olgetan”ek mahai-jokoak adin desberdinetako pertsonengana hurbilduko ditu; “LAB egunak” eta “LAB egunak familian” ekimenek, berriz, esperimentatzeko eta sortzeko guneak eskainiko dituzte, parte-hartzaileek proiektuak garatu eta elkarlanean ikasteko aukera izan dezaten.

Izen-emateak

Interesa duten pertsonek irailaren 18ra arte eman ahal izango dute izena Bibliotekan edo Udalaren webgunean, www.durango.eus/eman-izena. Plazak mugatuak dira, eta interesdunen kopurua erabilgarri dauden plazena baino handiagoa bada, zozketa egingo da izena eman duten pertsonen artean.

Gainera, izen-ematea formalizatzean, parte-hartzaileek tailerreko saio guztietara joateko konpromisoa hartzen dute. Saio batera joaterik ez badute, aldez aurretik jakinarazi beharko dute, plaza beste pertsona batek hartu ahal izan dezan. Jakinarazten ez badute, jarduerako plaza galduko dute, eta itxaron-zerrendako hurrengo pertsonari esleituko zaio.

Programazio berri honekin, Bizenta Mogel Bibliotekak bere kultura-eskaintza indartzen du, adin eta interes desberdinetarako proposamenekin. Bibliotekak eta Durangoko Udalak programazioa ezagutzera eta 2026-2027 ikasturtean zehar egingo diren jardueretan parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak.

Kontsultatu Bizenta Mogel Bibliotekaren 2026-2027ko programa osoa hemen.

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Artículos Relacionados