Mallabiko Udala
Manariko Udala
Maristak Durango
San Agustin Kultur Gunea

“Bagara emakume osoak, nahiz eta amak ez izan”

Antzutasuna, amatasunaren inguruko presio soziala eta emakumearen identitatea dira Izagirreren azken fikzioaren ardatz nagusiak. Duela lau urte, Maria Goiricelaya antzerkigilearengandik jaso zuen pelikula egiteko proposamena, eta espero du datorren urtean estreinatzea. Mara (Ane Pikaza) eta Jon (Aitor Borobia) dira protagonistak, eta zuzendariaren esanetan, “euskal zineman gutxitan ikusi den bikote-harremana” osatzen dute biek.

Marak ama izan nahi du, baina ezin du, eta ugalkortasun kliniketara jotzen dute. Isilean bizi den errealitate bati ahotsa eman eta gizartean elkarrizketa piztu nahi du zornotzarrak. Antzutasunari aurre egin behar izan diotenen­tzat, “arnasgune” izatea nahi du, eta gainerako ikusleen­tzat ulermen eta enpatiarako gonbidapena. Ekoizpenaren aldetik, bere 20 urteko ibilbidearen proiekturik ausartena izan da; Bilbon ez ezik, Grezian ere filmatu dute euskarazko pelikula. “Erantzukizun handia sentitu dut eta beldur apur bat ere bai, baina oso gauza ederra izan da nire belaunaldiari eragiten dion gaia jorratu izana”, adierazi du egileak.

-Duela 4 urte hasi zineten ‘Yerma’ gauzatzen. Nola sortu zen proiektua?
-2021ean Maria Goiricelayak ‘Yerma’ antzezlana zuzendu zuen, eta publikoaren harrera oso polita izan zen. Konturatu zen ‘Yerma’ren gaia zabal­tzea ideia ona litzatekeela, eta proposatu zidan pelikula egitea. Gidoia elkarrekin idatzi genuen, eta gero ni zuzendari lanean aritu naiz.

-Maria Goirizelaiarekin el­karlanean aritu izanak zer eman dio pelikulari?
-Oso esperientzia positiboa izan da prozesua elkarbana­tzea, normalean oso bakartia baita. Gainera, elkarren osagarri izan gara, eta denbora asko aurreztu dugu. Ideia batek ez bazuen bestea konbentzitzen, ez zihoan gidoira. Feedbacka zuzenean genuenez, lan handia aurreratu dugu.

-Orain postprodukzioan zabiltzate. Sentitzen al duzu benetako pelikula muntaketa-gelan hasten dela?
-Uste da grabaketa amaitzen denean amaitzen dela pelikula, eta oraindik guri geratzen zaigu urtebeteko prozesua postprodukzioan eta gero dena ondo badoa, beste urtebete zinema-areto eta jaialdietan. Egia da orain sentitzen dugula lehen aldiz, irudiak eta soinuak ditugunez, pelikula egin egingo dugula, hobeto edo txarrago, baina jada ez dago atzerapausorik. Aurten pelikula bukatu behar dugu, eta datorren urtean gustatuko litzaiguke zinema jaialdi batean estreinatzea, baina horretarako aukeratu egin behar gaituzte.

-Bilbon eta Grezian filmatu duzue. Zergatik bi kokapen horiek?
-Istorio hau edozein lekutan gerta daiteke, baina niri gustatzen zait ezagutzen ditudan lekuetan grabatzea. Uste dut horrela eman dezakegula ikuspegi jakin bat, pertsonalagoa, Gainera, baneukan gogoa Bilbo erakusteko izaera batekin, begirada baten bitartez, iruditzen zaidalako gehienetan dekoratua baino ez dela pelikuletan.

-Eta zergatik Grezia?
-Gidoian bidaia bat zegoen, eta Maria Goiricelaya eta biok Greziako Evia irlara joan ginen gidoia idaztera. Bertan geundela erabaki genuen oso leku egokia izan zitekeela protagonistentzat, sendatzearekin lotuta baitago. Izan ere, ur termalak ditu, eta jendea bertaratu izan da antzina-an­tzinatik osatzeko. Eta hori da, hain zuzen ere, protagonistek behar dutena bidaia horretan. Beraz, aldatu genuen hasierako plana. Ordutik ni bueltatu izan naiz beste lauz­pabost aldiz; irla ondo ezagutzen dut. Era berean, niri neuri sortzen didan emozioa helarazten saiatu naiz.

-Lorcaren ‘Yerma’ tragedia da. Zureak, ordea, iruditeria berria proposatzen du. Zergatik?
-Ehun urte pasatu direlako eta ez delako gauza bera. Garai hartan, Espainiako herritxo txiki bateko emakume bat ama ez izateak oso esanahi larria zeukan. Azkenean emakumeen helburu nagusia eta gizarteak inposatzen ziena ama izatea zen, horrek bihurtzen baitzituen emakume.

Baina gaur egun, amatasunaren inguruan presioa izaten jarraitzen badugu ere, ez gaude jada puntu horretan. Badaude, ordea, beste errealitate batzuk gaur egungo gizartean, hau da, ama izan nahi izan duten emakumeak eta lortu ez dutenak. Filmerako hainbat emakume elkarrizketatu ditugu, eta beraiek izan dira gure erreferenteak. Esperien­tzia gogorrak bizi izan dituzte, baina jakin dute esperientzia horiek beren bizitzan kokatzen eta aurrera egiten. Hori jarri nahi genuen pelikularen erdigunean, bagarela emakume osoak nahiz eta amak ez izan.

“Elkarrizketa sortu nahi genuen antzutasunaren inguruan esfera publikoagoan”

-Pantaila handian jarriko duzue gai arantzatsua, beraz.
-Elkarrizketa sortu nahi genuen antzutasunaren inguruan esfera publikoagoan. Orain milioi bat pertsona daude egoera hau bizitzen Espainian eta oraindik bada esfera pribatuan eta familian gera­tzen den zerbait. Gure ustez, badauka dimentsio bat elkarriz­keta publikoa izateko. Azkenean denok daukagu inguruan horrelako egoera bat bizitzen ari den norbait, eta oraindik ez dakigu ez indibidualki, ez kolek­tiboki nola lagundu, nola bizi horrelako egoerak. Pelikulak izan nahi du gonbidapen bat arlo honetara begiratzeko, hau ere existitzen delako eta jarraituko duelako existitzen. Aldi berean, aukera da onartu ditugun gauza batzuk zalantzan jartzeko, eta zergatik gauden egoera honetan hausnartzeko.

-Ane Pikazak oso pertsonaia konplexua antzezten du. Zuzendari gisa, zer eskatu zenion Mararen barruko mundua eraikitzeko?
-Ane eta biok lagunak gara, eta errespetu handia diogu elkarri profesionalki. Bera izan zen protagonista nire bigarren pelikulan. Orduan, bidearen zati handia eginda dugu.

Beraz, egin behar izan duen ahaleginik handiena antzezlanetik aldentzea izan da, bera izan baita urteetan ‘Yerma’ antzezlanaren protagonista, eta guk pelikulan gai bera jorratu badugu ere, beste ikuspuntu batetik hartu dugu. Lan bikaina egin du, eta berak eman dio guztia protagonistari. Oso ondo daude aktore guztiak, baina nabarmentzekoak dira Ane eta Aitor Borobia. Oso bikote ona sortu dute, eta uste dut halako bikote harremana gutxitan ikusi dela euskal zineman.

-Ugalkortasun klinikak ager­­tzen dira pelikulan. Bitartekari dira gurasotasuna lor­tzeko, baina alde ilunak ere badituzte.
-Ez dugu beste alde batera begiratu. Pelikulak erakusten du kontatu dizkiguten esperien­tzia horietan oinarritutako errealitatea, eta irudi gogor batzuk daude, baina ez genituen klinika horiek guztiak saku berean sartu nahi, ezta erdigunean jarri nahi. Protagonistak pribatutik eta Osakidetzatik ere pasatzen dira. Min fisikoa dago, emozionala, ekonomikoa… Dena dela, guretzat garrantzitsuena ez da aztertzea klinikek zer funtzio betetzen duten, baizik eta zergatik heldu garen klinika horiek behar eta lotura hain handia izatera.

-Nola nahiko zenuke ikusleek pelikula jasotzea?
-Oso modu ezberdinetan jasoko da pelikula bakoitzaren bizipenaren arabera. Batetik, halako egoera bizi dutenek arnasgune txiki bat aurkitzea nahiko nuke, senti dezaten kontatu dugula beraien istorioa. Bestetik, egoera hau bizi ez dutenak oso prozesu gogor batera hurbiltzea nahi nuke. Modu batean edo bestean aldaketa eragin nahiko nuke, ikuslea emozionatzea… Nik uste dut gaia oso unibertsala dela. Guraso izatea amets bat da, eta ia denok izan ditugu ametsak eta bete ez diren ametsak. Hor badago konektatzeko modu bat.

-Zer utzi dizu pelikulak zuri zeuri?
-Nik orain 40 urte ditut, orduan nire belaunaldiari eragiten dion gai garrantzitsua da hau. Erantzukizun handia sentitu dut eta beldur apur bat ere bai. Aldi berean, oso gauza ederra da nire belaunaldiko elkarriz­keta jorratu izana; oparia izan da. Gainera, amatasuna uler­tzeko modua zabaldu dit, Badaude modu asko ama izateko, ama ez izateko, eta asko ikasi dut ezagutu ditugun emakume horiengandik. Horrez gain, 20 urte bete ditut ofizio honetan eta ausardia izan da ekoizpen aldetik beste herrialde batera grabatzera joatea euskarazko pelikula bat. Pauso erraldoia eman dugu.

“Gure helburua da zinema beste leku batzuetatik egitea”

Emakumeak gizarteko arlo guztietan gero eta espazio gehiago hartzen ari badira ere, zinemagintzan oraindik ere gizonak dira nagusi. Izan ere, emakume izateagatik oztopo handiagoei aurre egin behar izaten diete zinemagileek, bereziki proiektuak bideratzeko finantziazioa lortzeko. “Dirua botere-gune batzuetan dago bilduta, eta diru hori lortzeko sarrera zailago daukagu soilik emakume izateagatik”, azaldu du. Horren aurrean, Lara Izagirre eta bere ekoiztetxea Gariza Films ez dira geldirik geratu. Bilbon Etxe Betea egitasmoa jarri dute martxan, emakume sortzaileei espazioa, babesa eta sarea eskaintzeko.

Proiektuaren bidez, gidoiak eta ikus-entzunezko proiektuak garatzen ari diren emakumeek elkar ezagutu, esperientziak partekatu eta elkarri laguntzeko aukera dute. “Oso espazio segurua” izatea dute helburu, batez ere sorkuntza-prozesuaren hasierako une zaurgarrienetan. Izagirreren esanetan, ‘Yerma’ lantzean ere emakume askoren esperientzia pertsonalak eta ekarpenak jaso zituzten gidoia aberasteko.

Etxe Beteak bi programa nagusi ditu: ‘Elkarrekin sortzen’, euskal emakume zinemagileei zuzendua, eta ‘Gela bat norberarena’, egonaldi artistikoen bidez garatzen dena. Azken horrek mundu osotik ia 500 proposamen jaso ditu, eta lehenengo programan, urtean hamar bat proiektu garatzen dira. Egitasmoaren egitekoa, azaldu duenez, proiektuak lehen urratsetan lagun­tzea da; ondoren, bakoitzak bere bidea egiten du.

“Malgutasuna”

Lan egiteko moduan ere bestelako ikuspegia defendatzen du zornotzarrak. Bere ustez, “malgutasuna” da zuzendari gisa duen ezaugarri nagusietako bat. Horrek esan nahi du grabaketan sortzen diren egoera berriak istorioan txertatzeko prest egotea. Yerma filmatzen ari zirela, adibidez, Grezian lurrikara txiki bat bizi izan zuten, eta hurrengo egunean erabaki zuen bizipen hura pelikulako sekuentzia batean txertatzea. Aitortu du, ordea, lan egiteko modu hori ez dela batere ohikoa, eta profesional batzuk bereziki urduri jartzen dituela. “Muntaketa prozesuan egiaztatu dut intuizio horri jarraitu izana ideia ona izan dela”, ziurtatu du.

Bestalde, “zaintza” ere jarri nahi du lan egiteko moduaren erdigunean. Horren adibide da Gariza Films ekoiztetxean garatu duten eredua. Izagirreren esanetan, hasieran bere beharretara egokitzeko eraldatu zuten lan egiteko modua, baina pixkanaka lantalde osoaren­tzat bihurtu da baliagarria. Helburua argia da: lana pertsonen bizitzetara egokitzea, eta ez alderantziz. Zornotzarraren ustez, horrek ez ditu enpresaren emaitzak kaltetu; aitzitik, proiektuak hobeto atera­tzen direla eta enpresa inoiz baino hobeto doala dio. “Beldurra ematen die enpresei langileei malgutasuna eta konfiantza eskaintzeak, baina nik animatuko nituzke probatzera”, azpimarratu du Izagirrek.

Emaitza onei dagokienez, ibilbide ezin arrakastatsuagoa egiten ari da bere azken film laburra. ‘El regalo’ AMUGE elkartearekin elkarlanean sortu zuen, Otxarkoagako emakume ijitoekin urtebeteko lana egin ondoren. “Maitasun gutuna emakume hauei zuzenduta” dela azaldu du. Lanak nazioarteko ibilbide oparoa egin du, hainbat herrialdetako jaialdietan proiektatu dute eta dagoeneko zortzi sari jaso ditu. Gaur egun, Primeran plataforman ikus daiteke, eta Goya sarietarako hautagai izateko aukerarekin ere ilusioz daudela aitortu du. “‘El regalo’ izan da oparia niretzat”, adierazi du poz-pozik zuzendariak.

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Artículos Relacionados