Durangoko Energia Komunitatea
Durangoko Azoka
Herriaren Eskubideak-Independientes
Amorebieta-Etxanoko Udala

Eskualdeko kultura-ekoizpenak ordezkaritza zabala izango du Durangoko Azokaren 60. edizioan

Literatura, musika, antzerkia, ilustrazioa, ikus-entzunezkoak… Aurten ere Durangaldeko kultura-ekoizpena oparoa izan da, eta lan guztiak gaurtik hasita eta astelehenera arte Durangoko Azokaren 60. edizioan bilduko dira. Disziplina askotakoak eta publiko guztiei zuzendutakoak izango dira, eta hogei sortzailek baino gehiagok izango dute euren lana jendartean ezagutarazteko aukera euskal kulturaren erakusleiho nagusiaren hainbat gunetan. Durangaldarrek eskura izango dituzte, beraz, 2025eko nobedade guztiak, ‘Zu non, han DA’ lelopean.

Eskaintza zabalarekin dator Durangoko Azoka urte biribil honetan. Kultur zaleek ezer gal ez dezaten, guneka antolatuko ditugu Durangaldeko sortzaileak. Ahotsenea musikan, Plateruenan, musikariak bilduko dira. Heitxi zornotzarra izango da lehena ‘Berreraikitze lana’ bere azken diskoa aurkezten, gaur arratsaldean. Abeslariak euskal musika eta elektronikoa uztartzen dituen lana argitaratu du aurten, eta erresilientzia, dolua eta laguntasunari abestuko die Plateruenako oholtzatik. Durangoko Gar taldeak ‘Oraina eskuetan’ diskoa aurkeztuko du etzi. Jon Garcia (gitarran eta ahotsean), Liher Granados (baxua), Asier Ardanza (bateria) eta Martzel Vargas (gitarra) arituko dira euren onena ematen pop-rock zaleen gozamenerako.

Berriztik etorriko dira Haize Arrosa taldekideak. Emakume, tradizio eta transmisioari estu lotutako lana da ‘Magala’, eta astelehen eguerdian, Azokaren azken egunean, aurkeztuko dute. Egun berean, Garraio igoko da eszenatokira, ‘Ezeren alde’ pop-punk proiektua ezagutzera emateko.

Literaturari dagokionez, elkarlan berezi batek protagonismo handia izango du gaur. Joseba Sarrionandia eta Ilham Sami Çomak poeta kurduaren poema-liburua da ‘Mugarik gabe’. Çomakek 30 urte eman zituen Turkiako kartzeletan, eta Josebak 30 urte baino gehiago erbestean. Poema hauek bi egileen arteko elkarrizketa dira; milaka kilometrora bizi arren, antzeko esperientziak partekatu zituzten: kartzela, erbestea, ama-hizkuntzaren debekua eta euren lanen ilegalizazioa. Horrez gain, Julen Apella berriztarrak ‘Sakelako bihotzak’ eleberria aurkeztuko du astelehenean.

Ilustratzaileen plazan, Atartean, Sormen Bekaren emaitza ezagutaraziko da gaur. Irati Baezak ‘Harien isla’ lanaren xehetasunak azalduko ditu. ‘Euskara jendea’ gaitzat hartuta esku-hartze artistiko bat egitea zen aurtengo beka-deialdiko zeregina, eta ilustratzaile abadiñarraren proiektua izan zen irabazlea. Erakusketa ikusgai egongo da astelehenera arte Durangoko Arte eta Historia Museoan.

Elkartasun bidaia

Ikus-entzunezkoen plazan, Irudienean, musika, erresistentzia eta elkartasun bidaia egitea proposatuko da. ‘Mugarik gabe’ dokumentalak Euskal Herriko eta Kurdistango musikarien identitate gurutzatuak aztertzen ditu, haien borrokak eta adierazpen kulturalen mugak nola gainditzen dituzten erakusteko. Musikak, hizkuntza unibertsala den heinean, erresistentzia, elkartasun eta askatasun grinez beteriko bidaia marraztu eta urrun dauden bi lurraldeen arteko ahizpatasuna adierazten du.

Gainera, zinemaren historian ere ibilbidea egingo da Joseba Sarrionandiak gaztetan idatzi zituen kritika eta komentarioak oinarri hartuta. 1977tik 1980ra Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan argitaratutako testuak ‘Zinema paperak’ liburuan bildu dira, eta igande goizean aurkeztuko da argitalpena. Gaur egun arte nahiko ezezagunak izan arren, 50eko hamarkadan Koldo Mitxelenak Egan aldizkarian idatzitako kritiken ostean, Sarrionandiaren testuok dira zinemari buruz jarraikortasunez euskaraz idatzitako lehen kritika eta komentarioak.

Horrez gain, Asier Ibaibarriaga ermuarrak Edurne San Martinekin batera gauzatutako ‘Txillarreko sukaldaria’ dokumentala aurkeztuko du. Proiektuak liburua ere badu, eta bertan jasotzen da Pello Rubio baserritarrari egindako elkarrizketa osoa. Bere etxea, hau da, Elgoibarko Txillarre baserria, izan zen ETAk bere jardun armatuari amaiera emango zion prozesua abiarazteko elkarrizketen kokalekua.

Azkenik, Durangoko Bideografik ekoiztetxeak burututako Akelarre musika-taldearen ibilbideari buruzko dokumentala erakutsiko da. ‘Akelarre: marearen kontra’ musikaren pasioaz eta indarraz beteta dago.

Fantasia eta abentura

Gogoetarako ere izango da tartea. Talaian etxebizitzaren arazoaz hausnartuko dute bihar Unai Fernandez de Betoñok eta Iratxe Delgadok, ‘Etxearen korapiloa nola askatu’ liburuaren aurkezpenean. Szenatokian, ordea, fantasia izango da nagusi. Durangoko Karrika Antzerki taldeak Gerediaga elkartea eta Durangoko Azokaren jatorriari egingo die omenaldi xekebrea ‘Buruzagien batzarra’ antzezlanean.

Betiko legez, txikiei zuzendutako egitaraua zabala antolatu da Sagunganbaran. Bertan, leku berezia izango du Amaia Egidazu berriztarrak. Batetik, gaur Xabi Salaberriarekin batera, ‘Dortokaren Ametsa’ ipuinaren kontaketa egingo du, eta bestetik, ‘Txirriki-Txarraka’ liburuaren aurkezpena egingo du etzi. Egileak neskatxo ahazkor baten abentura kontatzen du testu errimadun eta jostagarriaren bitartez.

Horretaz aparte, beste hainbat nobedadek Durangaldeko sortzaileen sinadura eramango dute. Esaterako, Ainhoa Urien abadiñarraren ‘Ehun zaldi trostan’ ipuin-bilduma, Joseba Sarrionandiaren ‘Txomin Pellen karrikaburu’ saiakera-bilduma eta ‘Luma kantaria’ Idoia Bertabiderekin batera egindakoa, Amaia Astobiza zornotzarraren ‘Rosa Parks’ liburuaren itzulpena, Eider Eibar ilustratzaile zornotzarrak Itxaso Martinekin burututako ‘Matti eta Zugarramurdiko misterioa’, eta ‘Saria ala ziria?’ ume eta gazteentzako liburuak, eta Elorrioko Fito Skins musika-taldearen ‘Umiltasuna’ diskoa.

AHOTSENEA MUSIKA

  • GAUR: Heitxi, ‘Berreraikitze lana’
  • 7an: Gar, ‘Oraina eskuetan’
  • 8an: Haize Arrosa, ‘Magala’

AHOTSENEA LITERATURA

  • GAUR: Joseba Sarrionandia eta Ilham Sami Comak. ‘Mugarik gabe’
  • 8an: Julen Apella, ‘Sakelako Bihotzak’ (Elkar)

ATARTEA

  • GAUR: Sormen Beka DA!: Irati Bazeta, ‘Harien isla’

IRUDIENEA

  • GAUR: ‘Mugarik gabe’: musika, erresistetzia eta elkartasun bidaia bat. Boris Guevara eta Mugarik Gabe Collective. Suargi Elkartea eta Zutaarari Kultura Elkartea
  • 7an: Joseba Sarrionandiaren, ‘Zinema paperak’. (Pamiela)
  • 7an: Asier Ibaibarriaga Apoita eta Edurne San Martin Larrañaga, ‘Txillarreko sukaldaria’
  • 8an: Xabier Zabala eta Carlos Iglesias, ‘Akelarre marearen kontra’

SAGUGANBARA

  • GAUR: Amaia Egidazu eta Xabi Salaberria, ‘Dortokaren Ametsa’
  • 7an: Amaia Egidazu, ‘Txirriki-Txarraka’

ESZENATOKIA

  • 7an: Karrika antzerki taldea, ‘Buruzagien batzarra’

TALAIA

  • BIHAR: Unai Fernandez de Betoño eta Iratxe Delgado, ‘Etxearen korapiloa nola askatu’ (UEU)
1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados