Abadiñoko EH Bilduk Zelaieta auzoko kaleetan aldaketak egitea proposatu du, Nagusien Egoitza eta Batzokia dauden inguruan “segurtasuna eta irisgarritasuna” indartzeko helburuarekin. Koalizioak egindako ekarpenak Nagusien Egoitza aurreko kalea oinezkotzea eta Batzoki aurreko aldapa bi noranzkoa izatea proposatzen du.
Aldaketa biak alderdiak burututako ‘Abadiño Mugi’ prozesuaren ondorio nagusietakoak dira. Oinezkotzea proposatzerako orduan kontuan izan dute “Nagusien Egoitzako erabiltzaileen profila” eta zenbait ekitalditan “probalekuaren aurrealdean egoten diren pilaketak”. Izan ere, “Zelaietatik irtetzeko ibilgailuak bertatik pasatzera” derrigortzen delako eta kale hori “oinezko eta bizikletentzako lotura nagusia delako Zelaieta-Muntsaratz ardatzean”.
Inguru hori oinezkoentzat mugatzeaz gain, ibilgailuen abiadura moteltzeko plataforma bi jartzea ere eskatu dute. Bata, probalekutik ferialekura dagoen tartean ipintzea eskatu dute, eta bestea Nagusien Egoitzatik Muntsaratzera doan errepide tartean.
EH Bilduk egindako beste proposamena Batzokia aurrealdean dagoen aldapari dagokio. Gune horretan errepidea bi noranzkoa izatea eskatzen dute.
Ekarpen hauek “Abadiñoko mugikortasunaren berrantolaketa egiteko prozesu baten baitan” kokatzen dituzte eta aldaketak “ikuspegi integral batekin egin behar dira eta ez era isolatuan”. Horregatik, EH Bildutik, ‘Abadiño Mugi’ prozesuarekin jarraitzeko asmoa agertu dute «herritarrekin batera, eta erabakitzeko aukera emanez, segurtasuna, akzebilitatea, eta auzoen bizitasuna bermatuko dituen mugikortasun plana garatzeko”.