
Yasmina Reza idazle frantziarraren ‘Le Dieu du Carnage’ antzezlanaren euskarazko bertsioa estreinatuko dute bihar, arratsaldeko zazpietan San Agustin Kultur Gunean, Aitziber Garmendia, Mikel Losada, Andoni Agirregomezkorta eta Tessa Andonegi antzezleek. ‘Jainko basatia’ izenburuarekin lehenengoz eszenaratuko den ikuskizuna “komedia dramatikoa” da, antzezlana ekoiztu duen Txalo Producciones konpainiaren esanetan.
Frantzian ez ezik Londonen, New Yorken eta ‘Un dios salvaje’ tituluarekin Espainiako agertokietan ospea bereganatu duen antzerki-lanak, bi bikote ezkonduren arteko gorabeherak jartzen ditu agerian. Izan ere, senar-emazteek euren seme-alaben artean izandako liskarra konpondu nahi dute.
Bi bikoteen arteko solasaldia giza-legez eta edukazio handiz abiatuko da, baina bilerak beste norabide bat hartuko du elkarri kristonak eta bi esaten hasten direnean.
Alkoholaren eragina
Agertokian azalduko diren Ane (Garmendia), Alex (Losada), Xanti (Agirregomezkorta) eta Veronika (Andonegi) pertsonaiek “ezkutuko komedia bat egiten dute” Begoña Bilbao zuzendariaren esanetan. “Hasieran dena ondo doa, baina alkoholaren eragina nabarmentzen denean zuzentasuna alde batera uzten dute eta bakoitzaren alde basatia azaltzen da.
Mikel Agirrek euskaratutako bertsioak jatorrizko antzerki-lanaren testuingurua errespetatzen du. Hala ere, “jatorriko testuko solasaldi formalak alde batera utzi ditugu eta lagunarteko berbaldien aldeko apustua egin dugu”, Bilbaoren esanetan.
Drama eta umorea uztartzen dituen ‘Jainko basatia’ antzezlanak “egoera sinesgarriak islatzen ditu, nahiz eta benetako egoerak nabarmendu egin ditugun, dramatikoki lagungarria delako”, Bilbaok dionaren arabera.