Osasun egoerak baldintzatutako edizioa izango bada ere, Mañariko Udalak 2021eko Maiatza Kulturala antolatu du. 14tik 23a bitartean burutuko den egitarauan musika, dantza, dokumentalak, ipuin kontaketa eta ekitaldiei amaiera emango dion azoka tartekatuko dira.
Aurtengo edizioa Unidad Alavesa talde gipuzkoarrak barikuan herriko plazan eskainiko duen kontzertuarekin hasiko da. Ataungo boskoteak orain arte argitaratu dituen bi disko eta osatzen ari diren hirugarreneko kantuak tartekatuko ditu.
Hurrengo egunean Aritz Ganboa artzain nafarrak ekoiztutako ‘Bideak’ ikus-entzunezkoa emango da liburutegi zaharrean. Egitasmo horrek nekazaritza eta abeltzaintza balioetsi eta artzaintza eta honi lotutako ondare ekologikoa, kulturala zein historikoa balioan jartzen ditu.
Lehen asteburuko agerraldiak Xabi Solano Maiza & Kimua Dantza Kolektiboak domeka eguerdian eskainiko duten musika eta dantza saioarekin borobilduko da.
Bigarren asteburuko ekitaldiak 21ean abiatuko dira Ixabel Agirresarobe kontu kontalariak eskainiko dituen bi saioekin. 17:30eko ekitaldia umeei zuzenduta egongo da eta 19:00etan hasiko dena berriz, ikuslego helduarentzat izango da.
Edizio honetan tartekatuko den bigarren dokumentala jarriko da ikusgai hurrengo egunean. Ekain Martinez de Lizarduyk zuzendutako ‘Erraiak’ dokumentalak, Euskal Herri osoan irrintziarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzak jasotzen ditu.
Maiatza Kulturalari amaiera emateko Azoka egingo da domekan herriko plazan, goizeko 10:00etan hasita.